Orioko hainbat lagun antzerki taldea osatzeko lanetan da azken hilabeteetan. Imanol Urkizu musikariak antzerki taldearen koordinatzaile lanetan eta Orioko Udalarekin harremanetan dihardu, eta jakinarazi duenez, herriko gazte batzuk zuten «kezkaren» eraginez sortu da egitasmoa. «Hasiera batean, Orion ez zegoela antzerkigintzaren inguruko mugimendu handirik ikusi genuen. Baina gazte batzuk bazuten horrekiko interesa, herrian zegoen hutsunea ikusita. Hori hala, deialdia zabaldu diegu herritarrei, eta pixkanaka ekintzak eta taldea zehazten joango gara». Proiektua hastapenetan da, behin betiko taldea osatzeke da, beraz. Hala ere, momentuz zazpi lagun inguru ari dira proiektua aurrera eramaten. Horietako batzuk badute esperientzia antzerki munduan, baina guztiek duten «grinaren» eraginez sortu nahi dute taldea.
Antzerki taldean parte hartzeko deialdia egin ondoren, hainbat lagunek bilera egin zuen pasa zen astean. Aurrera begira hartu beharreko «bidea» zehazteko lehenengo hartu-emana izan zen antzerkizaleentzat. Horretarako lehenengo pauso gisa, interpretazioa lantzea proposatu dute partaideek. «Momentuz ez dugu baliabide askorik. Ez dugu irakaslerik, eta ez dakigu ekonomikoki zenbateko laguntza izango dugun». Hasiera batean, urtebete iraungo duen tailer bat egiteko asmoa du antzerki taldeak, eta horretarako irakasleak topatzea izango dute lehenengo lana. «Aurrekontu bat zehaztu, eta irakasle batekin baino gehiagorekin hitz egingo dugu», azaldu du. Behin betiko taldea osatuta ere, aurten funtzionamendua zehazteko tartea hartuko dutela jakinarazi du Urkizuk. Hala, datorren ikasturtean hasiko lirateke egitasmoarekin. «Hasierako asmoen arabera, kideek interpretazioa lantzen dutenean hasiko dira antzezlanekin».
Herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu, berriz ere, Urkizuk. Maiatzaren 26an bigarren bilera egingo dute. Antolatzaileek adierazi dute interesa duen edonork har dezakeela parte antzerki taldean. Baldintza bakarra hamasei urte baino gehiago edukitzea da. «Taldean parte hartzeko ez dago ikasketa zehatzik edo esperientziarik izan beharrik. Gogoa duen edonork har dezake parte ekimenean».
Udala, «laguntzeko prest»
Egitasmoa gauzatzeko Orioko Udalarekin harremanetan jarri da taldea. «Udalak badu interesa, herrian kezka dagoela badakielako, eta laguntza hori aprobetxatuko dugu bidea egiteko». Udala azpiegiturarekin eta ekonomikoki laguntzeko prest dagoela jakinarazi du Urkizuk.
Duela hamar urte inguru ere izan zen antzerki talde bat Orion, eta hainbat urtetako etenaren ostean eutsi nahi diote berriro antzerkigintzari. Orduan ere ikastaro luze bat egin zuten taldean parte hartu zuten herritarrek. Patxi Santamaria aktore zarauztarrak eskaini zizkien eskolak, eta ondoren pare bat emanaldi egin zituztela gogoratu du Urkizuk. Ondoren, ordea, bere horretan geratu zen antzerki taldea.
«Oraingoan denborak berak erakutsiko du zer gertatuko den». Koordinatzailea, ordea, itxaropentsu dago, eta taldea sortzeko «gogoa» egonda, herrian egitasmoa finkatuko dela uste du Urkizuk.