Zumaiako Udala Ignacio Zuloaga Plaza inguruan galtzadako zuloak eta bestelako kalteak konpontzen hasi da. Faseka egingo dituzte konponketak. Astelehenetik Txomin Agirre kaiaren eta Bonifazio Etxegarai kalearen arteko tartea ari dira konpontzen. Bertan autoentzako igarobidea estutu egingo dute, eta lanak egin bitartean aparkalekuak kendu egingo dituzte. Halaber, taxiak Udaltzaingoaren egoitzara lekualdatuko dituzte. Behin zati hori amaitutakoan, hogei egunetan ezin izango da galtzada zapaldu, bidarria «ondo egonkortu» dadin. Hala ere, ez dute trafikoa moztuko.
Bigarren fasean, berriz, Erribera kale amaiera eta Udaltzaingoaren egoitzaren arteko zatia konponduko dute. Tarte horretan ere hogei egun behar izango dira galtzada egonkortzeko, baina kasu horretan trafikoa itxi egingo dute. Hori hala, Bonifazio Etxegarai kaletik doazen ibilgailuak Txomin Agirre kaiara bideratuko dituzte. Hala, trafikoa norabidez aldatuko dute. Tarte horretan jarriko dituzten hesiak errespetatzeko dei egin udalak herritarrei.
Martin Irigoien enpresak 60 metro kuadroko eremua konponduko du guztira; horretarako 11.000 euro inguru inbertituko ditu udalak, BEZ aparte.