Gipuzkoako Kofradien Federazioak 2012ko kanpainarako zuen hegalabur koutaren %70 Murtziako (Espainia) enpresa pribatu bati saldu izana ekonomikoki «aurrera jarraitu ahal izateko» neurria izan dela adierazi du Santi Peirok, Orioko kofradiako lehendakariak. Gipuzkoako arrantzaleen «errugabetasuna» defendatu du Peirok, Eguzki talde ekologistaren salaketari erantzunez. Mediterrainoko arrantza «lehendik ere oso kaltetuta» dagoela dio ekologista taldeak, eta salmentak «gehiago okertuko» duela uste du. «Zimarroia amuarekin banan-banan arrantzatzetik, modu industrialean harrapatzera pasatuko gara», adierazi du Eguzkik, eta sistema horren ondorioz espeziea «galzorian» egongo dela irizten dio taldeak. Orioko kofradiako lehendakariak, ordea, zera uste du: «Mediterranio itsasoko gehiegizko ustiapena euskal arrantzaleak ari gara jasaten». Hala, hango arrantza sala dezala eskatu dio Eguzkiri. «Oso erraza da hemengo arrantzaleak salatzea, baina Euskal Herriko arrantzaleok Mediterraniokoen isunak ari gara ordaintzen».
Irabazi gehiago
Gipuzkoako arrantzaleek aurten duten zimarroiaren kuotaren %70 Ricardo Fuentes e Hijos multinazionalari saldu zioten pasa den astean. Gipuzkoako itsasontzi bakoitzari 11.200 kilo hegalabur harrapatzea zegokion, eta erabakiaren ondorioz, 8.000 kilo zimarroi saldu dituzte itsasontziek; 120 tona, guztira. Hala, kiloko hamar euro eskuratuko dituzte aurten. «Modu honetan joan-etorrietan etekin gehiago ateratzen dugu. Arraina harrapatu nahi dugu, baina irabaziak izatea ere bada gure asmoa».
Orion, egun, bost itsasontzi daude, eta Getarian, berriz, hamasei, eta bakoitzak 80.000 euro inguru jasoko ditu. Aurreko urtean, bost edo sei euroan saldu zuten atun gorri kiloa.
Salmentaren ondorioz, 130 tona baino ez dute harrapatuko Gipuzkoako arrantzaleek, kuotaren %30. Peirok gogoratu du kuota osoa ez dutela saldu, «bertako handizkariek ez dezaten merkatua galdu». «Guztiekin pentsatu nahi izan dugu».
Eguzki taldeak, bere aldetik, adierazi du «epe motzeko interes ekonomikoak» soilik hartu dituztela kontuan arrantzaleek. Peiro bat dator honekin, eta salmentarekin, besteak beste, bizpahiru hilabetetako gasoilaren gastua estali duela jakinarazi du. Honen arabera, atunetara joaten direnean joan-etorri bakoitzean 2.500 litro erregai xahutzen dute. Zentzu horretan, talde ekologistak «arazoaren erroetara» jo behar dela uste du. Gasoilaren «prezio altuaren aurrean irtenbidea» bilatu behar dela adierazi du Eguzkik, baita lonjako «prezio baxuei». «Kontrolik gabeko arrantza» mugatzeko eskatu du. Horretarako erakundeek auzian «esku-hartu» behar dutela uste du. «Ezin dugu guztiona dena pribatizatu dezaten utzi, horrek kalte handia egiten baitio gure elikadura subiranotasunari».
Getariako kofradiak, bere aldetik, ez du hegalaburraren salmentaren inguruko baloraziorik egin nahi izan.