Herri-bideen inbentarioa egingo du Azpeitiko Udalak

Nerea Uranga 2012ko apirilaren 25a

Azpeitiko Udalak udalerriko herri-bide guztiak jabari publikoko ondasun gisa inbentariatuko ditu. Era horretan, «aspaldiko asmoa» beteko du. Lan hori baserrietarako bideen sarearekin lotuta dagoenez, «nahiko korapilatsua» dela esan dute udal arduradunek. Horretarako datuak bildu, eta inguruetako baserritarrekin hitz egingo dute. Herri-bideen sare horrek «historian zehar, baserriak elkarrekin ez ezik, auzoarekin, elizarekin, eskolarekin, azokarekin edota hiri-gunearekin ere lotu eta elkartu izan du». Mendeetan herriko toki asko elkarren artean komunikatzeko edota lotzeko balio izan dute bide horiek, baina azkenengo urteetan zenbait erabiltzeari utzi da, eta kasu batzuetan «legez kanpoko jabetzeak» egin direla azaldu du Azpeitiko Udalak. Egitasmoko lanak hasi dituzte Sendo SM ingeniaritza-enpresako teknikariek eta Azpeitiko Udaleko arduradunek. Dagoeneko bi erakundeetako arduradunek lehen harremanak izan dituzte, «lan-dinamikaren eta azterketaren lehentasunak zehazteko». Bideen inbentario hori egiteko datuak biltzen hasiak dira: dokumentuak eta kartografia, esaterako, katastro edota beste iturri batzuetara joz. Kanpoko lanak, hasita Datuak biltzearekin batera, kanpoko lanean ere hasi dira bide-sarearen berri jasotzeko lanean ari direnak. Dokumentuetan azaltzen den informazioa kontrastatzeko, enpresako teknikariak biztanleen testigantzak jasotzen ari dira baserriz baserri eta auzoz auzo. «Era horretan metodologia osatuagoa ziurtatuko dugu». Auzoetan eta etxe inguruetan teknikariak aurki ditzakete bizilagunek, ikertzen, bide zaharrei buruzko xehetasunak eta lekukotasunak biltzen. Teknikari horiei, «ahalik eta argibide gehien emateko» eskatu du Azkoitiko Udalak, «aintzinako ibilbideen nondik norakoen eta erabileren xehetasunak hobeto jakiteko». Era horretan, aztertutako bideen «izaera eta nolakotasuna zehatzago» ezagutzeko modua izango dutelako. Bide-sarearen ondarea izandako erabilera eta kultura aldetik oso garrantzitsua eta aberatsa dela azaldu dute ikerketa egiten ari direnek. «Baserrien sorrerarekin eta jatorriarekin estu-estu lotuta dago», adierazi dute. «Gizaldietako ondarea da eta auzolanean modu berezian zaindu izan da sarea». Orain, ordea, herrietako erakunde publikoak hasi dira bideok mantentzearen ardura. Azpeitiko Udalaren helburua  herri-bide horiek zeintzuk diren «behin betiko erabakitzea» da. Horrez gain, lege nahiz administrazio aldetik nolako balioa duten finkatu, eta behar bezala inbentariatu nahi ditu. Hala, «tresna erabilgarria eta erabakigarria» edukiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide