Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen euskal literaturari buruzko Literaldia jardunaldiaren baitan, Mariano Ferrerrek Lo que dije y digo lana aurkeztuko du etzi, 20:00etan. Imanol Murua Uria kazetari zarauztarrak Ferrerrek 1991tik 2010ra idatzitako milatik gora artikuluen artean hainbat aukeratu ditu aipatu liburua sortzeko. Jakin, El Mundo del País Vasco eta Noticias de Gipuzkoa egunkarietan idatzitakoak dira.
Lo que dije y digo liburua Euskal Herriaren azken bi hamarkaden erradiografia zehatz eta interesgarria egiteko primerako lana da, bereziki politikoa, baina baita soziala eta kulturala ere.
1971ean Herri Irratian lanean hasi zenetik, Mariano Ferrer erreferentziazko kazetaria bihurtu da milaka euskaldunentzat: erreferentzia informazioari dagokionez –informazioa zintzo eta zuzen ematen zuelako–, eta erreferentzia etikoa eta morala bere koherentziagatik, egiazko informazioa jasotzen egin duen lanagatik eta oinarrizko printzipioak gordetzen izan duen konpromisoagatik.