Malder musika talde zestoarra Gaztea irratiko XXI. Maketa Lehiaketako finalera sailkatu da, eta irabazlea erabakitzeko jaialdian joko du etzi, Bilboko Bilborock aretoan. Finalean bost talde ariko dira, guztira. Horietatik bi –Ebony Rose eta Belako– entzuleen bozken bidez sailkatu dira, eta gainerako hiruak –Hotzikara, Haxotz eta Malder– epaimahaiak hautatu ditu. «Gustura gaude aukeratu egin gaituztelako. Izan ere, hasiberriak garenez eta oraindik kontzerturik eman ez dugunez, jakin bagenekien entzuleen babesa lortzea zaila izango zela», adierazi du taldeko Eñaut Gaztañaga gitarristak: «Ilusioz beteta gaude, Euskal Herrian oihartzuna duen lehiaketa baita».

Jaialdia 20:00ak aldean hasiko da, eta talde bakoitzak 20 minutu izango du bere errepertorioa jotzeko. Hain zuzen ere, finalista bakoitzaren zuzeneko emanaldia hartuko dute kontuan irabazlea erabakitzeko orduan. Epaimahaia Zea Mays taldeko abeslari Aiora Renteriak eta Fermin Etxegoien eta Pablo Cabeza kazetariek osatuko dute, eta jaialdian bertan emango dute Epaimahaiaren Saria.Entzulearena, aitzitik, erabakita dago jada: Ebony Rose taldeak jasoko du.
Lehiaketan buru-belarri
«Gure ideia talde bat sortzea zen, eta, kasualitatez, lehiaketa abian jarri zuten garai horretan hasi ginen elkartzen. Hala, bertan parte hartzeko abesti batzuk egin eta grabatzeko helburua jarri genuen», dio gitarra-jotzaileak. Nolabait esateko, lehiaketarako espesuki grabatu zituzten abestiak: «Ez geneukan oraindik ezer grabatzeko asmorik, baina datak hurbiltzen joan ahala, eta baliabideak genituenez, animatu egin ginen». Gaztañagak gidatzen duen Gaztain estudioan grabatu zuten beren maketa.
Lehiaketan parte hartzeko hiru abesti eskatzen zituzten, eta Malder-ek honako hauek aurkeztu zituzten: Euri nintzen, Logela hutsak eta Gogoeta toxikoak. Biharko ekitaldian aipatutako hiru horiez gain, beste bi abesti joko dituzte: Noraezean eta Sateliteak. Oro har, pop-rock doinuak lantzen dituzte, indie ukituarekin. «Abestiek indarra dute, baina, era berean, melodikoak dira».
Gaztañaga Grises taldeko abeslaria eta gitarrista ere bada, baina talde berriak «ez du zerikusirik» Grises-ekin: «Sintetizatzaile eta girotze batzuk sartu ditugun arren, gitarrek presentzia handiago dute Malder-en. Ez da horren dantzagarria».
Hirukotea laukote
Eñaut Gaztañagarekin batera, Manu Rodriguez abeslariak eta gitarra-jotzaileak, Marcos Perez baxu-jotzaileak eta Gaskon Etxeberria bateria-jotzaileak osatzen dute taldea. Egun laukotea bada ere, hirukote moduan abiarazi zuten proiektua. «Taldekide guztiok lagunak gara, baina Manuk eta Marcosek ez zuten elkar ezagutzen. Ni bien laguna nintzen, eta biek talde berri bat sortzeko gogoa zutela esaten zidaten. Biak elkartzeko ahalegin horretan, haiekin bateria jotzen hasi nintzen». Maketa lehiaketarako abestiak grabatu ondoren, bigarren gitarra baten beharra ikusi zuten. Hori horrela, Gaztañagak bateria utzi eta gitarra hartu zuen, eta Gaskon Etxeberria sartu zen taldera, bateria-jotzaile ardura hartuz.
Aurrera begira, oraindik ez dute erabaki zein izango den taldeak emango duten hurrengo urratsa: «Patxadaz hartu nahi dugu, eta lehiaketan gertatzen denaren arabera ikusiko dugu zer egin eta zein bide jarraitu. Ostegunetik aurrera pentsatuko dugu».