Epai zain geratu da Gurekin Jaiko kide Ainhize Muniozgurenen kontrako epaiketa. Hilabete inguruko epean jakinaraziko dute erabakia. Ostiralean izan zen epaiketa, Espainiako Auzitmegi Nazionalean, eta hiru bat ordu iraun zuen. Muniozgurenen arabera, «inongo arazorik gabe» egin zuten saioa. Berak deklaratu zuen lehenbizi, fiskalaren eta defentsaren galderak erantzunez. Horrez gain, hiru udaltzainek ere deklaratu zuten, baita Gari Berasaluze eta Jabier Etxaburu zinegotziek ere. Ertzaintzak, «terrorismoa goratu» zuelakoan, Muniozgurenen inguruko ikerketa hasiko zuela jakinarazteaz gain, presoen argazkidun pankarta kendu zuen txosna batetik iazko San Pelaio egunean. Txostenaren arabera, argazkien artean «ETAko preso» Berasaluze eta Etxabururenak ikus zitezkeen. Lekuko gisa deklaratu zuten biek. Bost bat ertzainek ere deklaratu zuten babestutako lekuko gisa, bideokonferentzia bidez. Muniozgureni babesa erakusteko, 35 bat zarauztar izan ziren epaiketa gelan.
Elkartasunari eraso
Gurekin Jaikoek salatu dutenez, «hamaika» izan dira «Auzitegi Nazionalaren eta Poliziaren eskutik jasandako erasoak». Iazko San Pelaio egunean gertatu zen lehena, haien arabera. «Ertzaintza txosnagunera etorri zen presoen sakabanaketaren kontrako argazkiak zituen pankarta kentzera. Bertan zegoen hainbat lagun identifikatu zuten». Txosnagunearen arduradunari, Muniozgureni, terrorismoa goratzea egotzi zioten, eta diligentziak ireki. Iazko urriaren 5ean Auzitegi Nazionalera deitu zuten. Hiru aste geroago, sanpelaioetan txosnetan txanda egin zuen beste lagun bat deitu zuten lekuko gisa deklaratzera, eta astebete geroago beste hiru. Horien aurkako inputazioa bertan behera geratu zen.«Eraso» horiek, Gurekin Jairen eguneroko lana oztopatzen dutela adierazi dute. «Gure funtsezko elkartasun printzipioaren aurkako erasoak dira. Etxetik urrun dauden herritarrenganako elkartasuna ez da delitua».