Umea, amarena eta aitarena

Ane Olaizola 2012ko apirilaren 24a

Berdintasuna oinarri duen gizartea nahi badugu, aitaren eta amaren esku-hartzea berdina dela ikusi behar du umeak. Aitarekin hilean lautan egoten bada, eta eredu horrekin hazten bada, eragina izango du umearen etorkizunean» Hala dio Joseba Urbietak. Gose greba egin zuen duela hiru aste, zaintza partekatua aldarrikatuz. Hego Euskal Herrian, banantza prozesuan dauden aita eta ama ados daudenean soilik onartzen da zaintza partekatua; «salbuespeneko legea da». Zaintza mota hori «berdintasunean oinarritutako eredua» dela uste du Urbietak. Beraz, guraso bakarraren zaintza ezohiko legea izan dadila, eta zaintza partekatua «lehenestea» eskatu du Urbietak. Hego Euskal Herrian dibortzioen %8an onartzen da zaintza partekatua. «Alde batek ez badu nahi, ez da onartzen». «Beto eskubidea» kentzea aldarrikatu oriotarrak. Ia kasu guztietan amak izaten du haurraren zaintzaren ardura; aitak, berriz, hamabost egunean behin igarotzen du semearekin edo alabarekin. «Nire semeak 26 egun igarotzen ditu amarekin, eta lau nirekin. Hori da normalena, baina, era berean, pribilegioduna naiz. Jende askok denbora askoan ez ditu seme-alabak ikusten, distantziak direla eta». Kexu da oriotarrak. Guraso bakarraren zaintzak, beraz, umearen eskubideak «urratzen» dituela nabarmendu du Urbietak.  «Aitarekin eta amareki debora bera igarotzeko eskubidea du haurrak». Aldarrikapena indartuz Donostiako udaletxe aurrean hasi zuen gose greba Urbietak. «Politikoen arreta erakartzeko egin nuen. Finean, haien lana da legeak onartzea. Baina inoiz ez dira gogoratzen gizarteak benetan nahi duenarekin». Eragile batzuen elkartasun adierazpenak jaso zituen oriotarrak; ELA eta LAB sindikatuenak eta Maiatzak 15 mugimenduarenak, kasu. PPko ordezkariak ere joan zitzaizkion, baina «interes hutsagatik» egin zutela uste du. Izan ere, egun alderdi horrek legea aldatzeko ahalmena duela gogoratu du Urbietak. «Duela bi urte PPkoek eskatu zioten Espainiako Gobernuari dibortzioaren legea lehenbailehen aldatzeko. Orain haiek dute gehiengo osoa, baina ez dute ezer egiten». «Interes ekonomiko asko» dagoela uste du oriotarrak. «Dibortziatzeko diru asko ordaindu beharra izaten da; are gehiago pertsona aberatsen artean. Negozio bat sortu dute, eta gobernuan daudenek interes horiek kontuan izaten dituzte. Ziurrenik, abokatuen lobby-ek presio egingo dute legea aurrera ez eramateko». Herritarren artean, berriz, «babes handia» jaso zuela nabarmendu du. «Aiton-amona askoren laguntza izan nuen. Horien plataforma asko daude, semea banatzean ezin izaten dutelako bilobekin egon». Urbietaz gain, beste hainbat gizonezkok ere egin dute gose greba aurten, eta azken urteetan halako aldarrikapenek «indar handia» lortu dutela adierazi du. «Gure ahotsa legebiltzarrera iritsi da, eta egun gizartearen zati handi bat zaintza partekatuaren alde dago»; hala  nabarmendu du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zaintza partekatua babesten duten herritarren 50.000 sinadura bildu ditu Kidetza elkarteak. Urbietak jakinarazi duenez, herri ekimenez sortutako sinadura bilketa horren emaitzak ahalbidetuko du lege berria Eusko Jaurlaritzaren agenda politikoan sartzea. Agenda politikoan sartu ondoren, Legebiltzarrean gaia urria ingurua landuko dutelakoan da oriotarra, eta «alderdi guztien aldeko botoekin» onartzea espero du. Ekimen horren bidez, zaintza partekatuaren inguruko proposamena aurkeztu dute. Horren arabera, banaketa prozesuan bi aldeek haurraren zaintza aurrera eramateko plana aurkeztu behar diote epaileari. «Bertan, lan eta zaintza orduen inguruko proposamenak egin beharko dituzte». Bi aldeen arteko adostasuna oinarri izango du epaileak, «errespetatu» egingo du hori. «Ados ez daudenean, epaileak aukera emango die horretarako, eta ez badira bat etortzen, epaileak berak hartuko ditu erabakiak». Izan ere, guraso bakarraren zaintzari dagokionean ez bezala, zaintza partekatuaren eredua «ez dago zehaztuta». «Egoera bakoitzaren arabera, desberdina izan daiteke; etxebizitzak edota bi aldeen arteko distantziak baldintza dezake». Auzi prozesuak, behera Egungo legearen eraginez, berriz, aitak «oztopoak» izaten izaten ditu dibortzio prozesuan, oriotarraren ustez. «Liskarra batzuetan nahita bilatzen dute, eta askotan tratu txarren salaketa faltsuak jartzen dituzte. Hori ez da inorentzat egokia». Oriotarraren arabera, dibortzioaren legeak dio haurrak aitarekin eta amarekin harreman bera izan dezan saiatu behar duela epaileak. «Baina egungo legearekin ez da hori betetzen». Frantzian duela bost urte inguru jarri zen martxan zaintza partekatua, eta Urbietaren arabera, legeak «onura handiak ditu»: «Auzi-prozesuak %30 gutxitu dira. Ez dago etxearen edo pentsioaren inguruan eztabaidatu beharrik. Sarritan haurra izan ohi da hori guztia sufritzen duena, eta, beraz, sufrimendu hori saihesten da. Umea ez da gatazka horretan murgiltzen». Espainiako Estatuko hainbat erkidegotan lehenesten da zaintza partekatua; Aragoik, Kataluniak eta Valentziak, hain zuzen ere. Lurralde batzuek horretarako eskumena dute. Euskal Autonomia Erkidegoak ez du eskumenik, baina Eusko Jaurlaritzak badu legea aurkezteko aukera, foru eskumena erabiliz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide