
Ehunka herritarrek hartu zuten parte larunbateko manifestazioan, “Salbuespen neurriak amaitu. Bizi osorako zigorrik ez!” lemapean. Herrizaingo Sailak debekatu egin zuen manifestazioaren bukaerarako aurreikusita zegoen idatzia irakurtzea, baita antolatzaileen edozein hitz ere, hauek atxilotuko zituztenaren mehatxupean. Aurrez, egun horretarako aurreikusita zegoen elkartasun ekitaldia ere debekatu zuen.
Horren harira, Zarauzko Herrirak Espainiako eta Frantziako gobernuen jokabidea salatu du: “Argi geratu da berriz ere garai berri honetan batzuek eskema zaharkituen arabera funtzionatzen dutela; ez Zarautzen bakarrik, Espainiako eta Frantziako gobernuek orohar iraganeko jokabideari eusten diotela erakusten digute egunez egun”. Espainiako zein Frantziako espetxeetan 640 euskal preso politiko daudela gogoratu du, horietatik 14 “larriki gaixo” daudela. “Bakartzeak, umilazio eta jipoiak, irainak eta jazarpenak egunerokoa izaten jarraitzen dute hainbat espetxetan”. Horrez gain, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Parot dotrina berretsi duela gogoratu du: “Bizi osorako espetxe zigorra ontzat eman du, hamarnaka euskal preso politikori espetxe zigorra luzatzea ahalbidetuz. Senideengan ere eragin kaltegarriak ditu espetxe politika honek”.
Hala, “euskal presoen aurkako muturreko neurriak lehenbailehen” bertan behera utzi behar direla dio, eta euskaldunei dagokiela Espainiako zein Frantziako agintarien jarrera aldaketa eskatzea: “Espetxe politika jazarpenerako erabiltzeari utzi eta konponbide gakoetan jartzeko eskatzen diegu”. Ildo horretatik, datozen asteetarako antolatu dituzten ekitalditan parte hartzera deitu dituzte herritarrak: “Gogorarazten dizuegu asteazkenean badugula ospakizunerako hitzordu berria, Labi eta Zaporra aske utzi eta herrian bultan izango baititugu. Horrez gain, datorren maiatzaren 19an beste hitzordu garrantzitsu bat dugu Plazak Bete Egunarekin. Azkenik, ekainaren 2an Herrira Eguna deitu dugu Zarautzen. Hiru egun hauetan parte hartzeko gonbitea luzatzen diogu herritar orori”.
