Manikien bitartez, ibilbide antropologikoa

Getariako Hitza 2012ko apirilaren 20a

Manikien bitartez ibilbide antropologikoa proposatzen du Balentziaga museoan zabaldu berri duten erakusketak, ManneQUEEN since 1922-k. Manikiak ekoizten espezializatutako Milango (Italia) La Rosa enpresaren oinarri historikoa azaltzen ditu erakusketak...

Manikien bitartez ibilbide antropologikoa proposatzen du Balentziaga museoan zabaldu berri duten erakusketak, ManneQUEEN since 1922-k. Manikiak ekoizten espezializatutako Milango (Italia) La Rosa enpresaren oinarri historikoa azaltzen ditu erakusketak. «Errenazimenduko industria moderno» gisa hartu izan da, eta Italiako bikaintasunaren eta sormenaren ikur .

ManneQUEEN since 1922 erakusketan plastikozko «erreginak» eta estiloaren ikono diren manikiak egongo dira ikusgai museoaren atarian, bestelako material historiko batzuekin batera, uztailaren 15era bitartean. Manikiek 90 urtean izandako bilakaera erakutsiko du aipatu bidaiak: 20. eta 30. hamarkadetako hiper- pertsonalizaziotik, gaur egungo maniki-euskarriaren neutraltasun eta «desagerpenera» bitartekoak ikusi ahalko dira. Horiekin batera, manikiak egiteko materialak, iraganeko argazkiak, argitaratu gabeko film eta dokumentuak, eta beste objektu historiko batzuk ere izango dira.

Erakusketa abagune aparta izango da jantzien euskarri bitxiak ikusteko. Horrez gain, gorputzaren gaineko ikuskera mende osoan zehar nola aldatu den jakiteko aukera emango du, eta joera artistikoek (kubismoa, surrealismoa, errealismoa, minimalismoa, eta abar) manikien itxura atontzeko orduan izan duten eraginaz jabetzeko. Beraz, erakusketak interes antropologikoa eta artistikoa du, eta, gainera, jantziak erakusteko moduetan nolako aldaketak gertatu diren ezagutzeko parada ere bada.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide