Arroabean babes ofizialeko 35 etxebizitza eraikitzekoak dira, egitasmo horren inguruko informazioa emateko bilera bat egingo du Udalak herritarrekin. Batzarra datorren ostegunean (apirilak 26) da 18:30ean hasita udaletxeko batzar aretoan. Udalak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailak 2011ko maiatzaren 20an Arroba Beheko Rezola eremuan babes ofizialeko 35 etxebizitza eraikitzeko ebazpena eman zuen. Etxebizitza hoiei lotuta, garajeak eta trastelekuak ere egingo dituzte. Hoiek denak eraikitzeko ardura Artzamendi SA eraikuntza enpresari emanda dago.
Eusko Jaurlaritzak eta Zestoako Udalak sinatutako hitzarmenaren arabera, “sustapenean interesatutako udalerri bakar bezala Zestoa izendatu da”. Horren arabera, zozketan etxebizitza hoien esleipen-prozedurari hasiera emango dion aginduaren data baino bi urte lehenago Zestoan erroldatuta zeuden pertsonek bakarrik parte hartu dezakete. Datorren osteguneko batzarrean herritarrei etxebizitzen inguruko informazioa eman nahi die Udalak, gaiarekin lotutako planoak eta panelak erakutsiz.