Hitzaldia eta Usurbilera irteera antolatu ditu Zero Zaborrek astebururako

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko apirilaren 20a

Bilduk otsailean Gipuzkoako 34 udalerritan atez ateko sistema ezarriko zuela iragarri zuenez geroztik —tartean, Azpeitia, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaian—, hondakinen gaia bolo-bolo dabil eskualdean, eztabaidagai nagusi bihurtuta. Zarautzen Zero Zabor taldeak «pozez» hartu du erabakia, baina ulertzen du iragarpen horrek herritarrengan sortu duen kezka: «Kontu berriek sortzen dute gugan errezeloa eta mesfidantza, eta ezezaguna den hori zer nolakoa izango den galdetzen diogu geure buruari». Zalantza horiek argitze aldera, udalak herritarrak informatu behar dituela dio, eta parte hartze prozesua ireki. «Prozesu horretan herritarren parte hartzea ezinbestekoa da, eurak izango baitira bihar lortuko diren emaitzen berme», diote. Zentzu horretan, Zarautz Zero Zaborrek «bere hondar alea» jarri nahi izan du, eta bi ekimen antolatu ditu. Hitzaldia izango da gaur, Euskadiko kutxaren aretoan, 19:00etan. Gipuzkoa Zero Zaborrekoek Atez atekoarekin zero zaborrerantz eman beharreko pausoak azalduko dizkiete herritarrei. Bihar, berriz, Usurbilera irteera egingo dute, bertan abian den atez ateko bilketa sistema ezagutzeko. Interesa dutenek 09:08etako trena hartuko dute aipatu herrira joateko. Ildo horretatik, zarauztarrek dituzten zalantzak eta kezkak mahai gainean jarri eta argitzera animatu dituzte. Izan ere, Zero Zaborrekoen arabera, hondakinen bilketa baino, bilketa sistema da mintzagai egunotan; horretara mugatzen da eztabaida. Horrek «eztabaida aberastu beharrean, herritarrak posizio batzuen inguruan gotortzea» dakarrela nabarmendu [...]

Bilduk otsailean Gipuzkoako 34 udalerritan atez ateko sistema ezarriko zuela iragarri zuenez geroztik —tartean, Azpeitia, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaian—, hondakinen gaia bolo-bolo dabil eskualdean, eztabaidagai nagusi bihurtuta. Zarautzen Zero Zabor taldeak «pozez» hartu du erabakia, baina ulertzen du iragarpen horrek herritarrengan sortu duen kezka: «Kontu berriek sortzen dute gugan errezeloa eta mesfidantza, eta ezezaguna den hori zer nolakoa izango den galdetzen diogu geure buruari».

Zalantza horiek argitze aldera, udalak herritarrak informatu behar dituela dio, eta parte hartze prozesua ireki. «Prozesu horretan herritarren parte hartzea ezinbestekoa da, eurak izango baitira bihar lortuko diren emaitzen berme», diote. Zentzu horretan, Zarautz Zero Zaborrek «bere hondar alea» jarri nahi izan du, eta bi ekimen antolatu ditu. Hitzaldia izango da gaur, Euskadiko kutxaren aretoan, 19:00etan. Gipuzkoa Zero Zaborrekoek Atez atekoarekin zero zaborrerantz eman beharreko pausoak azalduko dizkiete herritarrei.

Bihar, berriz, Usurbilera irteera egingo dute, bertan abian den atez ateko bilketa sistema ezagutzeko. Interesa dutenek 09:08etako trena hartuko dute aipatu herrira joateko. Ildo horretatik, zarauztarrek dituzten zalantzak eta kezkak mahai gainean jarri eta argitzera animatu dituzte.

Izan ere, Zero Zaborrekoen arabera, hondakinen bilketa baino, bilketa sistema da mintzagai egunotan; horretara mugatzen da eztabaida. Horrek «eztabaida aberastu beharrean, herritarrak posizio batzuen inguruan gotortzea» dakarrela nabarmendu dute. «Eztabaidarako abiapuntu okerra da, hondakinez hitz egin behar bada, osotasunean egin behar baita: hondakinak nola eta zenbat sortzen ditugun, hauek nola biltzen diren, eta, azkenik, bildu ondoren zein tratamendu eman behar zaien». Ildo horretatik, terminoak definitzea beharrezkoa dela diote.

Zero zabor politika berretsi
Europako Batzordeak ere zero zabor politika berretsi eta hondakinak kudeatzeko «modu iraunkorragoak sustatzea ezinbestekoa» dela nabarmendu du txosten baten bitartez. Zero zabor politiken aldeko aldarria egin du, errauste eta isurtze politikak gutxietsiz. Hondakinak kudeatzeko irizpideak aldatu egin direla nabarmendu du, eta errausketa eta isurketa garestitzen edota debekatzen diren neurrian birziklatze tasak igoko direla.

Bestalde, hondakinak lehengaitzat jo behar direla adierazi du, eta ondorioz, sortzen diren hondakinengatik ordaindu egin beharko dela. Ildo horretatik, gaikako bilketa ahalik eta
eraginkorrena izan dadin hondakinen ekoizleei ahalegin berezia egin dezaten eskatu die. Horretarako, hondakinen bizitzaren ziklo osoan eragin behar dela dio. Era berean, denborarekin
irizpideok zorroztu egingo direla iragarri du Europako Batzordeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide