Zestoan joan den asteburutik gaztetxearen 23. urteurreneko ospakizunak egiten ari dira. Hiru asteburutan antolatu ditu ekitaldiak Zestoako Gazte Asanbladak, eta gaur eta hurrengo asteburuan segida izango dute.
Gaurko antolatu dituzten ekimenak hainbat dira. Arratsaldeko lauretan Luterekin malabarak egingo dituzte gaztetxe kanpokaldean. Saioan parte hartzeko norberak bere materiala eraman beharko du. Ondoren, 19:00etan, Iñigoren bakarrizketa izango da gaztetxean, Kabreaute baina malizik gabe. Eta gaurko ekitaldiei bukaera emateko Smoking Hil eta Human taldeen kontzertua izango da, hau ere gaztetxean.
Hurrengo larunbatean, apirilaren 28an, 11:00etan ping pong txapelketa jokatuko dute herriko gazteek, kiroldegian. Ondoren, bazkaria eta Altxorraren bila jolasa egingo dituzte. Bazkarirako txartelak Koiote eta Uztapide tabernetan salgai jarri dituzte. Ekitaldiei bukaera emateko herriko Grises taldeak kontzertua joko du gaztetxean.
