«Etorkizunera begira, modu positiboan, egindako lana da»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko apirilaren 20a

Hiru urtez lanean jardun ostean, Jon Maiaren (Urretxu, 1972) jardunak badu fruitua. Izan ere, bihar eguerdian estreinatuko dute Gazta zati bat, euskaldunen erabakitze eskubidearen eta beste hainbat gairen inguruko dokumentala. Donostiako Viktoria Eugenian izango da aurkezpena, Giza Eskubideen Zinemaldian, eta bertsolariak aurreratu duenez, «pertsonaia interesgarriak» izango dira bertan. Sarrerak dagoeneko agortu direnez, asteazkenean emango dute berriz dokumentala, leku berean, 22:30ean. www.cineyderechoshumanos.com webgunean daude eskuragarri sarrerak, lau euroan. Eskuetan duzu dagoeneko ondutako lana. Zer moduzkoa da emaitza? Pozik gaude emaitzarekin; izan ere, denbora askoan landu dugu. Umil-umil hasi ginen, herri ekimen baten enkarguz, eta orain nahiko lan handia dela ikusi dugu. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztuko da, gonbidatu garrantzitsu askorekin, eta gure helburua bete dugula uste dut. Ekoizpen lanetan ginela, txikle bera hamabost egunez mastekatzea bezala zen: ez genekien zein zapore zuen. Orain, ordea, oso kontentu gaude. Bihar aurkeztuko duzue Donostian. Hortik aurrera, herrian estreinatuko al duzue? Zine komertzialetan emango al dute? Herriz herri bira modukoa egingo dugu maiatzetik hasita, dokumentala aurkezteko. Izan ere,  proiekzioa bera herri ekimen bat izan dadin nahi dugu, erabakitze eskubidea gizarteratzeko, eta modu askotara pentsatzen duten pertsonak elkartzeko. Eskubide hori gatazkaren lokatzetatik ateratzeko helburua du, jatorrian dena eskubide bezala tratatu dadin. Ez da, beraz, film bat ikustera joatera mugatuko; dokumentalak funtzio jakin bat du: gizartean eragitea. Dokumentalari lotuta, edukia beste euskarriren batean kaleratzeko asmoa ba al duzue? Etorkizunera begira, DVDa eta diskoa ateratzeko asmoa dugu. Gazta zati bat-en entzun daitekeen musika berria da guztiz, Esne Beltzako Xabier Solanok eta Zigor Lamprek egin dute. 16 kantu berri dira, eta material pila bat dugu, beraz, euskarri gehiagotan geure mezua zabaltzen jarraitu ahal izateko. Zerk hunkituko du gehien ikuslea? Jende ezagun asko ageri da dokumentalean, Euskal Herriko azken gertakizun handietako protagonista asko. Zentzu horretan oso aberatsa da, baina zirrara gehien sorrarazten duena jende arrunta da. Haiek sentitzen duten arduragatik egiten duten lanak eta esfortzuak. Dokumental hau bera jende arruntaren lanaren fruitua da; hunkigarria da. Zentzu horretan, gainontzeko lanen oso bestelakoa da. Planteamenduari dagokionez ere, ezberdina da orain arteko lanekin alderatuta. Euskal gatazka modu positiboan planteatzen du: batzeko helburua du, etorkizunari begira jartzen gaitu, eta herritarra bera egiten du historiaren protagonista. Eta ikusleak hori sentituko du. Euskal pilota dokumentala une berezian kaleratu zuten. Orain, Euskal Herriko egoera aldatzen ari da. Une hori baliatu duzue Gazta zati bat kaleratzeko? Orain arteko dokumental asko atzera begirakoak izan dira, sufrimenduak asko markatutakoak. Arazoaren blokeoan murgilduak, gizartea egon den bezala. Guk uste dugu dagoeneko etorkizunera begira gaudela, eta aurrerantzean eztabaida euskaldunon naziotasunean eta erabakitzeko eskubidean zentratuko dela. Beste dokumentalekin alderatuz, gureak aurrera begiratzen du. Horregatik, ezberdina da historiaren tratamenduan. Ez da oso ohikoa halako gai bat lantzerakoan umorea erabiltzea, esaterako. Gazta zati bat umorez josita dago, ordea, oso freskoa da, dinamikoa eta gertukoa. Grabazio mota asko daude; baita jendeak etxeko kamerekin grabatutakoak eta internetetik hartutakoak. Modu horretan, estilo aldetik ere ekarpen bat egiten duela uste dugu. Gazta zati bat-ek, orduan, normalizazio prozesu horretan lagunduko du. Jendeak ikusten badu, lagunduko du, bai. Hemendik aurrerako eztabaidan kokatzen baikaitu, gatazkaren muinean, non herritarren hitza eta erabakitzeko eskubidea errespetatzen den. Demokrazia gehiagoren bila goaz, eta hori da dokumental honen mezua : guztiok bat eginez gero eta erabakimena edozein gizakiren eskubidea dela onartzen badugu, posible da eta lor dezakegu. Zentzu horretan, lagun dezake.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide