Gizonezko baten gorpua aurkitu dute Lapatx zabortegian

Nerea Uranga 2012ko apirilaren 19a

Azpeitiko Lapatx zabortegian gizonezko baten gorpua aurkitu zuten atzo eguerdian, 14:30ak inguruan. Zabortegiko langile bat  ohartu zen zabor artean gorpu bat zegoela, makinarekin hondakinak zapaltzen ari zenean. Orduan, Lapatxeko arduradun batek Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateari deitu zion, eta honek aurkikuntzaren berri eman zion ertzainburuari. Azpeitiko alkatea eta Manuel Unanue zinegotzia Lapatxen izan ziren atzo arratsaldean. Lapatx zabortegia itxita egon zen atzo, ertzainek gorpuaren nondik norakoak ikertu bitartean. Arratsaldeko bostak pasatxo zirela iritsi ziren hara epailea eta idazkaria. Ertzainek azaldu zutenez, gorpua handik Donostiako auzitegiko anatomia institutura eramatekoak ziren, altxatzeko agindua jaso bezain pronto. Lapatxeko zabortegira Gipuzkoako hainbat eskualdetako hondakina botatzen da: Txingudikoa, San Markokoa, Urola Erdikoa eta Debabarrenakoa, besteak beste. Hilotzari buruz ez zuten xehetasunik eman, kasua sekretupean dagoelako. Gorpua nahiko osorik zegoela azaldu zuten, eta esku batean latexko eskularru bat eduki zezakeela aipatu zuten hilotza ikusi zutenek, baina ez zuten konfirmatzerik izan soinean arroparik zuen. Dirudienez herenegun edota herenegun iluntzean botatako zaborraren artean zegoen gorpua. Atzo, hainbat kamioi iritsi zen Lapatxera hainbat hondakinekin, baina ez zuten han husteko aukerarik izan. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azaldu zuenez, kontua argitu bitartean hondakinak nora bota antolatzen ari ziren Lapatxeko arduradunak atzo arratsaldean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide