
Zarautz inguruko mendiak eta txokoak ezagutzeko aukera eskainiko du Iraupeneko Ibilaldiak (Argazkia: Pagoeta Mendizale Elkartea)
Pagoeta Mendizale Elkartearen 50. urteurrenaren harira egin zituzten jardueren artean, Zarauzko Iraupeneko Ibilaldia antolatu zuen elkarteak. Ekitaldiak arrakasta itzela izan zuen, eta, harrezkero, bi urtean behineko maiztasunez antolatzeko borondatea eta konpromisoa hartu du. Hori horrela, maiatzaren 6an hirugarren zeharkaldia egingo dute. Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien 11. Zirkuituan sartuta dago, eta egutegiko zortzigarren proba izango da.
Izena ematea zabalik dago, eta dagoeneko mendizaleak animatzen hasiak dira. Parte-hartzaileen kopuru mila ibiltarira mugatu dute aurten, duela bi urte baino 200 gehiago. Izan ere, aurten lau urtetik behin Tolosan antolatzen duten XIV Orduko Ibilaldia egingo dute, eta mendizale ugari ari da hori prestatzen. Ondorioz, jende gehiagori parte-hartzeko aukera ematea erabaki dute antolatzaileek. Izen-ematea maiatzaren 3a bitartean egin ahal izango da, webgune hauetan: www.zirkuitua.com eta www.pagoeta.com. Behin izena emanda, parte-hartzaileek Euskadiko Kutxako (3035 0029 65 0290015562) edo Kutxako (2101 0076 51 0107873523) kontu-korronteetan sartu beharko dute inskripzioaren zenbatekoa. Federatuek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta federatu gabeek, berriz, 12 euro.
Ibilbide luzea eta motza
Iraupeneko ibilbideak 45 kilometro inguru izango ditu, eta 2.350 metroko igoera metatua izango du. Ibiltariak 07:00etan abiatuko dira Zinema pilotalekutik, eta, hurrenez hurren, Garate gainetik Meagara jaitsi ondoren, Indamendi eta Txatxarromendi igoko dituzte, Urdanetara iritsi aurretik. Jarraian, Altzolaraztik aurrera, San Pelaio, Santa Engrazi, Komiliolatza, Iturriotz eta Altzuruzelai zeharkatuko dituzte. Behin Pagoetako gurutzera iritsitakoan, Zarautzera itzulera hasiko da, Amezketalarditik: Laurgain auzotik Iturraran parkera, eta handik Agorregira. Eta, amaitzeko, Lukun aisialdi gunetik herrira.
Hasierako ildoa jarraituz, Pagoetakoek Ibilaldi Txikia antolatu dute aurten ere; nolabait ere, ibiltarien parte hartzea sustatzeko, eta, batez ere, fisikoki hain prestatuta ez daudenei aukera emateko. Ibilbide motzeko parte-hartzaileak 08:00etan aterako dira toki beretik, eta Urdanetara arte Iraupen Luzekoen bide bera egingo dute. Ondoren, Pagoetako gurutzera igoko dira, eta, segidan, Amezketalarditik jarraituz, Iraupen Luzekoen azken faseko ibilbide bera egingo dute. Ibilaldi Txikiak 1.340 metrokoa igoera metatua izango du.
Iraupenekoa ala txikia egin, parte-hartzaileek ibilbidean ezarriko dituzten kontrol guneetatik pasatu beharko dute derrigorrez. Kontrol horietan irteeran banatuko zaien txartela erakutsi beharko dute, zigilua jartzeko. Finkatutako ordutegietatik kanpo pasatzen direnak probatik kanpo geratuko dira. Hori horrela, iraupeneko ibilaldia 07:30 eta 11:20 denbora artean osatu beharko dute; eta txikia, berriz, 05:45 eta 09:15 artean.
Ibiltarientzako zerbitzuak
Antolatzaileek hainbat zerbitzu eskainiko dute ibiltarien erosotasuna bermatzeko. Ibilaldiaren bezperan, larunbatean, lokal bat atonduko dute Pagoeta Mendizale Elkarteko kideek, gaua bertan igaro nahi dutenentzat. Horretarako, izena ematerakoan antolatzaileei jakinarazi beharko zaie.
Horretaz gain, proba egunean, ibilbidea amaitu ondoren dutxatu nahi duen orok Aritzbatalde kiroldegiko aldagelak erabili ahal izango ditu, 13:30etik 18:30era.