Udalerriari dagozkion erabakietan herritarren parte hartea sustatzea da udalaren «lehentasunezko helburua». Hori bideratzeko, parte hartze eredua diseinatu du, Prometea enpresarekin batera. Aurrez, ereduaren zirriborroa landu zuten udal ordezkariek. Horretarako, hainbat bilera egin zuten gobernu taldearekin, sail bakoitzeko teknikariekin, eta gainontzeko talde politikoekin. Zirriborroa gorpuztu ostean, atzo aurkeztu zuten jendaurrean, herritarren iritzia ezagutu, eta ekarpenak jasotze aldera. Proposamenok aztertu eta kontuan izan ostean, behin-behineko txostena plenora eramango dute, zinegotziek onartu eta eredua martxan jar dezaten. .
Dozenaka zarauztar bildu ziren Etxezabalako aretoan, eta askotariko iritziak eman zituzten, proposamenaren aldekoak zein kontrakoak. Herritarren partaidetzan espezializatutako enpresako kide Zorione Aierbek eta Iciar Montejok eman zituzten azalpenak, euskaraz eta gaztelaniaz. Haien arabera, diseinatu berri duten ereduak hiru mekanismo egonkor izango ditu. Batetik, parte hartze mahaiak sortuko dituzte, gai zehatzen inguruan herritarrekin eztabaidatzeko. Gaiok zehazteke dauden arren, zortzi zerrendatu dituzte oraingoz: hirigintza ingurumena eta mugikortasuna; kultura; parekidetasuna; euskara; jendarte zerbitzuak (gazteria eta immigrazioa, besteak beste); kirola; eredu ekonomikoa (turismoa barne) eta hezkuntza.
Jakinarazi zutenez, epe ertainean martxan jarriko diren mahaiak TAOren (mugikortasunaren baitan) eta azpiegitura kulturalen (kultur mahaiaren baitan) ingurukoak izango dira. Mahai bakoitza udal ordezkariek teknikariek eta zarauztarrek zein herri eragileek osatuko dute.
Bestetik. udal ordezkariek auzoz auzo bilerak egingo dituzte, gutxienez urtean behin. Bilkura horietan udalak informazioa helaraziko die herritarrei, eta bertako beharrak jasoko dituzte. Gerora, ekarpenak aztertu ostean, emaitza jakinaraziko diete herritarrei. Modu horretan, auzotarrekin duten harremana indartuko dute
Promoteako kideen arabera, hori guztia posible izan dadin herritarren arreta zerbitzua birplanteatu beharko da, erakundea «gertukoa, erraza eta eraginkorra» izate aldera. Horretarako, herritarren proposamenak eta kexak jasoko dituen sistema egokia definituko dute.
Herritarren hitza kontuan
Proposatutako parte hartze ereduaren alde agertu ziren Etxezabalan bildutako herritar batzuk; beste hainbeste, kontra.Bat baino gehiago erabakiak hartzerakoan udalak duen jarreraz kexu da; haien arabera, erakundeak herritarrei galdetu gabe hartzen ditu erabakiak. Herritarrek udal ordezkariekin udalerriko gai ororen inguruan eztabaida dezaten espazioak sortzea dutela helburu erantzun zuten Prometeako langileek.
Bertaratu ziren beste zenbait herritarrek, berriz, «ilusioz» hartu zuten udalaren proposamen berria. Halako prozesua abiaraztea «pauso garrantzitsua» dela nabarmendu zuten. Hala ere, «benetan» aurrera eramango dela espero dute, «ez dadila paper hutsean geratu».
