Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zumaiako Artadi auzoan sustapen pribatuko hamabost udal etxebizitza tasatu egingo dituzte. Behin-behineko oinarriak onartu ditu Zumaiako Udalbatzak. Udaleko pertsona bat arduratuko da prozesua kudeatzeaz, eta herritarrek hogei egun izango dituzte eskaerak aurkezteko. Hala ere, oraindik izena emateko epea ez dago zabalik. Oinarriak GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnean zabalduko da horretarako epea. Iñaki Agirrazabalaga Zumaiako alkateak hurrengo astean zabaltzea aurreikusten du. Behin eskaerak egiteko aukera dutenean, udal bulegoetara jo beharko dute interesa duten herritarrek.
Hasiera batean hiru eraikin egingo dituzte Artadi auzoan, eta bakoitzean bost etxebizitza izango dira. Etxebizitzen zozketan parte hartzeko ezinbestekoa da hainbat baldintza betetzea. Batetik, etxebizitza izateko «beharra» egiaztatuko dute; hau da, eskatzaileek ezingo dute etxebizitzarik jabetzan eduki. Bestetik, zumaiarrek soilik erosi ahalko dituzte etxebizitak; gutxienez azken bi urteetan herrian erroldatuta egon beharko dute, edo azken hamar urteetan gutxienez bost urtez herrian bizi izatea ezinbestekoa izango da. Azken kasu horretan, ez dute egun Zumaian erroldatuta egon beharrik.
Gutxieneko eta gehienezko baldintza ekonomikoak ere zehaztu ditu udalak. Besteak beste, eskatzaileek gutxienez 25.000 euroko diru-sarrerak izan behar dituzte.
Etxebizitza bakoitzak garajea eta trastelekua izango du. Horietako bat elbarrituentzat egokitutakoa izango da. Hori hala, bi zozketa egingo dituzte; bata mota horretako etxebizitza lortzeko, eta bestea gainontzeko hamalauak erosteko.
Behin eskaerak egiteko epea amaitzen denean, onartuen eta baztertuen zerrenda aterako du udalak. Zozketa egiten denean, berriz, kanpoan geratzen diren herritarrak itxaron zerrendan sailkatuko dituzte. Era berean, 2011n Etxebiden etxebizitza tasatuak eskatzeko alta eman zuten pertsonek ez badute nahi eskaintza honetan parte hartzen, udalean agiria bete beharko dute.
Proiektua, aldatuta
Etxebizitzak eraikitzen hasteke daude, eta alkateak udazkenean ekingo diotela aurreikusten du. Behin betiko erosle kopuruaren arabera egingo ditu etxebizitzak Inmobiliaria de Oriok. «Egungo egoera ekonomikoaren eta finantzazio iturrien zailtasunen ondorioz baliteke eskaintza erosle kopurura ez iristea», adierazi du Agirrezabalagak.
Zumaiako Udalak osatu zuen udal ordenantzetara egokituta onartu dituzte Artadiko udal etxebizitza tasatuak. Aurretik etxebizitza pribatuak egitekoak ziren eremu horretan. Hasierako proiektua urteetan «geldirik» egon dela azaldu du alkateak. Beraz, egitasmoa «bideragarria» izan dadin, Zumaiako Udalak eta Inmobiliaria de Orio enpresak hitzarmen bat sinatu zuten. Hitzarmen horren ondorioz, besteak beste, etxebizitzen tipologia aldatu dute; hau da, bi bizitokiko etxezizitzak izatetik hiru eraikin izatera pasatu da.
Hitzarmenak, idatziz
Zumaiako udalbatzak aho batez onartu ditu Artadiko etxebizitzen kalifikazioa eta oinarriak. EAJ alderdiak, ordea, adierazi du «zalantza handiak» dituela udalaren eta Inmobiliaria de Orioren arteko hitzarmenaren inguruan. Izan ere, bien arteko «tratuak» idatziz egin behar direla nabarmendu dute jeltzaleek, eta aurrerantzean egingo dituzten aldaketak ere modu horretara egitea eskatu diote udal gobernuari.