Orioko kanpina zabalik da dagoeneko, bost hilabetez itxita egon ondoren. Kanpina eraberritzeko planaren lehen fasea amaitu dute, eta tarte horretan «lan ugari» egin dituzte, Orioko Udalak adierazi duenez. «Ez dira ageriko lanak; kanpina txukuntzen jardun dugu orain arte», adierazi du Miriam Urangak, Orioko Udaleko turismo zinegotziak. Azken bost hilabeteetan argiztapena goitik behera konpondu dute, eta bidea asfaltatu dute. Era berean, bertako berdeguneak «guztiz txukundu» dituzte.
Horrez gain, sarreran hesi berria jarriko dutela jakinarazi du udalak, lekuz aldatuta. «Bi besoko langa jarriko dugu, bat autoentzako sarreran, eta bestea irteeran. Bide batez, autoen sartu-irteerak kontrolatzea ahalbidetuko da, horretarako instalatuko den sistema informatikoaren bitartez», adierazi du zinegotziak.
Proiektuari udazkenean helduko diote berriro. Orduan hasiko dira bigarren fasearekin. Bungalowak jarriko dituzte, zerbitzu eskaintza areagotzeko, eta «egun dagoen eskaerari erantzuteko». Hori izango da kanpinak izango duen aldaketa esanguratsuenetako bat.
Kanpinak udan izaten duen erantzunaz harago, zerbitzu berrien bidez udaberrian eta udazkenean kanpinaren erabilera areagotu nahi du Orioko Udalak. Aurten udala egitekoa den «inbertsio estrategiko garrantzitsuenetariko bat» izango da kanpina. 245.000 euro bideratuko ditu kanpina berritzeko proiektura, hain zuzen.
Kanpinerako lanpostua
Udalak, bestetik, kanpineko harreran eta turismo bulegoan lan egiteko pertsona bat kontratatuko du. Ekainaren 1etik irailaren 30era bitarterako izango da kanpineko lanpostua, eta turismo bulegokoa, berriz, urriaren 1etik 14era bitartekoa. Dagoeneko aurkez daitezke curriculumak eta titulazioak, udal bulegoetan. Maiatzaren 4ra bitartean egin daitezke eskariak.
Lanpostua lortzeko beharrezkoa da adin nagusikoa izatea, eta langabezian egotea. Halaber,
gutxienez EGA edo honen baliokide den titulazioa izan behar da. Ingelesa jakitea ere beharrezkoa da; gutxienez First Certificate maila edo honen baliokidea den titulu bat behar da. Atzerriko beste hizkuntzen ezagutza, eta jarduera turistikoetako titulazioak puntuagarriak izango dira, gainera. Informazio gehiago
www.oriora.net helbidean aurkitu daiteke.
Herritarrekin eta eragileekin osatutako planaren emaitza
Kanpina eraberritzeko plana duela urtebete inguru hasi zuen Orioko Udalak. Herritarrekin eta kanpineko kideekin batera, bertako azpiegiturak hobetzeko eta zentroa dinamizatzeko egokitzapenak egitea adostu zuten, herritarrekin zabaldu zuten parte hartze prozesuaren bitartez. Azpiegituretatik harago, ordea, kanpinean, dinamizazio turistikoak «lehentasuna» izatea eta familiei zuzendutako zerbitzu gehiago eskaintzea onartu zuten, bisitariek Orioko kanpina aukera dezaten aisialdirako.