Gizonezko baten gorpua aurkitu dute Lapatxen, eta zabortegia itxita dago

Urola Kostako Hitza 2012ko api. 18a, 16:33

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak komunikabideekin hitz egin du oraintxe. Baieztatu egin du zabortegiko langile batek aurkitu izana gorpua; "makinista batek zaborra zapaltzen ari zela aurkitu du gorpua", eta haren arduradunak alkateari deitu diola esan du, eta honek ertzainburuari. Oraintxe iritsi dira zabortegira epailea eta idazkaria, gorpua altxatu ahal izateko tramiteak burutzera. Auzitegiko anatomi institutura eramango dute laster gorpua. Orain zehazten ari dira zaborra nongoa den, hildakoaren jatorria zehazteko. Izan ere, Lapatxera Gipuzkoako hainbat eskualdetako zaborra iristen da. Zehazki esateko, 18 udaletakoa: Azpeitia, Azkoitia, Errezil, Beizama, Bidegoian, Zestoa, Aizarnazabal, Elgoibar, Eibar, Ermua, Soraluze, Mutriku eta Deba. Hildakoari buruz ez dute xehetasun gehiago eman. Bakarrik, gorpuak esku batean latexko eskularru bat eduki dezakeela, baina ez dute konfirmatzerik izan eskuan jantzita zuen ala ez. 14:30ak inguruan gizonezko baten gorpua aurkitu dute Lapatx zabortegian. Hala jakinarazi du Herrizaingo Sailak. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, eta momentu honetan zabortegia itxita dago. Hainbat kamioi iritsi dira zaborrarekin nahiz beste material batzuekin, eta ezin izan dute sartu. Buelta ematen ari dira denak. Horregatik, zaborrarekin zer egin aztertzen ari dira momentu honetan. Zaborra nora bideratu, alegia.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide