Pilota elkartekoek eskutitza idatzi diete herritarrei

Karkara.eus 2012ko apirilaren 18a

Laguntza eske dabiltza elkarteko lau kideak

Herritar agurgarriak:

Eskutitz honen bitartez, Orioko Pilota Elkarteko kideok laguntza eskatu nahi dugu. Krisi ekonomikoaren itzala atzetik dugun honetan, guk ez dugu dirurik eskatu nahi, baina gure ustez d...

Laguntza eske dabiltza elkarteko lau kideak

Herritar agurgarriak:


Eskutitz honen bitartez, Orioko Pilota Elkarteko kideok laguntza eskatu nahi dugu. Krisi ekonomikoaren itzala atzetik dugun honetan, guk ez dugu dirurik eskatu nahi, baina gure ustez dirua bezain garrantzitsua izan daitekeen beste laguntza mota bat behar dugu, borondatearena, alegia.


Gaur egun, betidanik frontoiari eta pilotaren munduari lotuta egon garen Orioko lau gaztek osatzen dugu Orioko Pilota Elkartea. Bere garaian, lehengo zuzendaritza taldeak uzteko asmoa adierazi zigunean guk, pilota ezagutzeko aukera izan genuen bezala, Orioko gainontzeko umeek ere aukera hori izatea nahi genuen; eta horregatik erabaki genuen erronka berri hau onartzea. Hasiera guztietan bezalaxe, lehen pausuak oso gozoak izan ziren, laguntza asko, animoak alde guztietatik… baina, denbora aurrea joan ahala, geroz eta lagun gutxiago gaude lanerako eta gure arteko laguntasuna bera ere arriskuan jartzera iritsi gara.


Denboraldi honetan bertan, eskualdeko eskolaz kanpoko pilota txapelketako epaile lanak egin ditugu –ikastetxe desberdinen artekoak–, emakumeen Euskal Herriko Opena antolatu dugu, frontenis txapelketa ere bai eta hirugarren urtez jarraian antolatu eta arrakasta handia izan duen pala txapelketa herrikoia ere jokoan da. Guzti hau nahikoa ez, eta astean bi egunetan eskualdeko hamabost bat ume entrenatzen gabiltza, guretzat hain garrantzitsua den kirola ezagutu eta modu batera edo bestera zaletu daitezen. Azkenik, maiatza bera ere gerturatzen ari da eta, horrekin batera, guretzat oso garrantzitsua den umeen pilota txapelketa martxan jartzeko garaia ere bai.


Baina, ulertuko duzuen bezalaxe, lau pertsonek ezin dugu dena antolatu, eta laguntza eskatu beharrean aurkitzen gara. Ez dugu nahi umeen txapelketa bertan behera utzi baina boluntario gehiago eduki ezean ezinezkoa ikusten dugu modu antolatu batean aurrea ateratzea.


Inork laguntzeko intentziorik, gogorik eta denborarik izango balu gurekin kontaktuan jartzea eskertuko genuke.


Agur bat,


Orioko Pilota Elkarteko kide diren Aritz Lertxundi, Aimar eta Eneko Galarraga eta Asier Lizarralde.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide