Udalak TAO sistemaren inguruan iritzia eskatuko die zarauztarrei udaberrian

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko apirilaren 18a

Mugikortasunaren inguruan «politika ausartak» ezartze aldera, Zarauzko Udalak gaiari lotuta hainbat erabaki hartuko du datozen asteetan eta hilabeteetan. Erabaki horiek «erabilera hierarkiaren» araberakoak izango dira, mugikortasun zinegotzi Mikel Goenaragaren arabera. «Hierarkia horren arabera, oinezkoek izango dute lehentasuna Zarautzen, gero bizikletan dabiltzanek, ondoren garraio publikoak, eta azkenik auto pribatuek». Herri erdigunean autoen erabilera ahal den neurrian murriztea izango da helburua, «beti ere mugikortasunari irtenbideak eta alternatibak eskainiz». Horren harira, TAO sistema zarauztarren beharretara egokituko dute. Mugikortasun zinegotziak jakinarazi duenez, Trafiko eta Aparkalekuen Ordenamendua da herritarren «kezka nagusietako bat», eta egungo arazoei aurre egiteko asmoarekin egokituko dute. Haren arabera, TAOri dagokionez, egoera aldatu egiten da urte garai batetik bestera: neguan, sistema ezarrita duten auzo inguruetako gunetan «presio berezia» izaten da, eta udan, berriz, «arazoa areagotu» egiten da. «Sistema ezarri zenetik, TAO gune gehiagotara zabaldu da, inguruko auzoak zituzten arazoei aurre egiteko. Horrela, ordea, ez da arazoa desagertzen, lekuz aldatu baizik», dio Goenagak. Horri aurre egiteko prozesu parte-hartzailea bideratuko dute udaberrian, «herritar guztien iritzia kontuan izanik, eta haiei egokitutako proposamena lantzeko». Udaberrian bertan jarriko da martxan TAO sistema. Bestetik, aparkaleku faltari erantzuten saiatuko da erakundea. Horren harira, eta proba moduan, Abendañon aparkalekua jarriko du udalak udan eta bertatik herrira gerturatzeko autobus zerbitzua eskaini. [...]

TAO sistema

Mugikortasunaren inguruan «politika ausartak» ezartze aldera, Zarauzko Udalak gaiari lotuta hainbat erabaki hartuko du datozen asteetan eta hilabeteetan. Erabaki horiek «erabilera hierarkiaren» araberakoak izango dira, mugikortasun zinegotzi Mikel Goenaragaren arabera. «Hierarkia horren arabera, oinezkoek izango dute lehentasuna Zarautzen, gero bizikletan dabiltzanek, ondoren garraio publikoak, eta azkenik auto pribatuek». Herri erdigunean autoen erabilera ahal den neurrian murriztea izango da helburua, «beti ere mugikortasunari irtenbideak eta alternatibak eskainiz».

Horren harira, TAO sistema zarauztarren beharretara egokituko dute. Mugikortasun zinegotziak jakinarazi duenez, Trafiko eta Aparkalekuen Ordenamendua da herritarren «kezka nagusietako bat», eta egungo arazoei aurre egiteko asmoarekin egokituko dute. Haren arabera, TAOri dagokionez, egoera aldatu egiten da urte garai batetik bestera: neguan, sistema ezarrita duten auzo inguruetako gunetan «presio berezia» izaten da, eta udan, berriz, «arazoa areagotu» egiten da. «Sistema ezarri zenetik,
TAO gune gehiagotara zabaldu da, inguruko auzoak zituzten arazoei aurre egiteko. Horrela,
ordea, ez da arazoa desagertzen, lekuz aldatu baizik», dio Goenagak.

Horri aurre egiteko prozesu parte-hartzailea bideratuko dute udaberrian, «herritar guztien iritzia kontuan izanik, eta haiei egokitutako proposamena lantzeko». Udaberrian bertan jarriko da martxan TAO sistema.

Bestetik, aparkaleku faltari erantzuten saiatuko da erakundea. Horren harira, eta proba moduan, Abendañon aparkalekua jarriko du udalak udan eta bertatik herrira gerturatzeko autobus zerbitzua eskaini. Uztaileko zein abuztuko asteburutan izango da martxan zerbitzu hori, baita
iraileko lehenengo bi asteburuetan ere. Horrez gain, abuztuaren 13tik 17ra eta 20tik 24ra egunero eskainiko da autobus zerbitzu hori.

Gaiari lotuta, bi norantza dituzten kaleen azterketa egingo du udalak. Modu horretan, errepide horiek zentzu bakarrekoak bihur daitezkeen ikertuko du, eta, hala izanez gero, aparkaleku gehiago egingo ditu. Honakoak dira aztertuko dituzten kaleak: Erribera Zaharra, Gurmendi, Aitza, Lapurdi, Mintegi, Kortazar, Hegoalde, Mateo Mujika eta Kasino. «Aparkaleku gabeziari irtenbidea ematen saiatuko da hala udala, herritarren eta merkatarien eskariei erantzuteko».

Garraio publikoa eta bizikleta
Herriko autobus zerbitzuari dagokionez ere hainbat aldaketa egingo dute. Egun bi linea ditu zerbitzuak, eta mugikortasun zinegotziaren arabera, erabiltzaile kopurua «ezberdina» dute bi lineek. «9.000 bidaiak baliatzen dute lehen linea hilero, eta bigarrengoa, berriz, 2.500k». Ondorioz, bigarren linea bertan behera utzi, eta bi lineak bateratzeko asmoa dute udal ordezkariek. «Modu horretan, bi lineen arteko zerbitzua eskainiko litzateke, eta autobusek bi norantzatan egingo lukete lana». Horri esker, maiztasun handiagoa izango luke zerbitzuak, bi autobusak hobeto aprobetxatuz, eta zerbitzuaren erabilpen aukera handituz. Hori posible izan dadin, azterketa bideratuko du udalak. Jakinarazi duenez, uda alderako jarriko dute martxan zerbitzu berria, ondoren erabiltzaileen iritziak jaso, eta horien arabera linean aldaketak egiteko aukera izan dezaten. Horrekin batera, Gipuzkoako beste garraiobideekin bateratuta egon dadin, txartel bakarra lortzeko lanean ari da Zarauzko Udala.

Bestalde, bizikletak uzteko 60 gailu berri ezarriko dituzte herriko gune garrantzitsuenetan, hondartza inguruan, tren eta autobus geltokietan eta osasun zentro inguruan, esaterako. Horrek lapurretak murrizten lagunduko du, besteak beste. Mitxelena auzoan, berriz, kaiola sistemak jarriko dituzte, bizikletak etxepeetan modu seguruan gordetzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide