Beste lanen artean, argiteria publikoa berrituko du Orioko Udalak. 50.000 euro baliatuko ditu horretarako, eta faseka konponduko du argiztapen sarea. Orain arteko ildoari jarraitzeko asmoa agertu du udalak, beraz. Izan ere, jakinarazi duenez, ia urtebetean 150.000 euro inbertitu ditu egokitzapenetan.
Mantentze lan eta egokitzapen «dezente» egin ditu agintaldia hasi zenetik, Beñat Solaberrieta Orioko alkatearen eta Amaia Dorronsoro obra eta zerbitzuen zinegotziaren esanetan. Alkateak adierazi duenez, aurrerantzean erezerbitzuak indartzea izango da lehentasunetako bat, eta horretarako egungo baliabideak «optimizatu» egingo dituzte. «Orain duguna ondo mantenduz gero, herriak badu nahikoa baliabide zerbitzu hobeak eskaini ahal izateko», adierazi du Solaberrietak. Zentzu horretan, lorezaintza, garbitasuna eta hondakinen kudeaketa zerbitzua izango dira indartuko dituztenak. Horien ardurak zehazten zituzten kontratuak 2009an amaitu ziren, Dorronsororen arabera, eta ondorioz, zerbitzu horiek «zaharkituta» daudela nabarmendu du. «Bada ardurak berriz esleitzeko garaia. 2009an lehiaketara atera behar ziren. Lorezaintzaz arduratuko den enpresa aukeratzeko lehiaketa publikoa orain abiatu dugu, eta epe motzean garbitasunaren eta hondakinen kudeaketaren ingurukoa jarriko dugu martxan». Argiteria publikoari dagokionean udalak «kexa asko» jaso dituela adierazi du. «Zaharkituta dago; ez zaio eskua sartu». Horri aurre egiteko, 50.000 euro inbertituko ditu Orioko Udalak, eta arazoa «faseka» konponduko du.
Bestelako konponketak ere egingo ditu udalak. Iturbide kaleko zorua konponduko du, esaterako; 60.000 euroko aurrekontua du horretarako. Goiko Kaleko haur parkeko lurra ere berrituko du, eta hondartzako petrila ondo jarriko dute. Halaber, autokarabanentzako gunea egokitzeko asmoa azaldu du udalak. Andramari auzoan eta ikastola inguruan «egokitzapenak» egingo ditu, modu berean. Aurrez txosten bat egingo dute, «irisgarritasun, segurtasun eta peatonalizazio plana martxan jartzeko». Aurten helduko diote lehen faseari, Dorronsorok jakinarazi duenez.
Mantenua eta egokitzapenak
Solaberrietaren esanetan, Orioko Udalak ia urtebetean 150.000 euro baino gehiago gastatu ditu egokitzapen lanetan. «Ditugun azpiegiturak ondo zaintzea» udalaren lehentasunetako batzuk dira. «Azpiegiturez arduratzen den lantaldea koordinatzeari dagokionean arreta berezia jarri du udal gobernuak».
Eraikin berrietan «inbertsio handiak» egin dituztela esan du Solaberrietak, batez ere hezetasun arazoei aurre egiteko. Besteak beste, Mendibeltz futbol zelai azpiko garajeetan «argitasun, garbitasun eta hezetasun» arazoak konpondu dituztela adierazi du Dorronsorok. Garajeetan 2006an lanak egin bazituzten ere, «egoera kaxkarrean» zeudela jakinarazi du zinegotziak, eta egokitzera 42.000 euro bideratu dituztela jakinarazi du. Orioko Udalak salgai jarri ditu berriz garajeok, eta konponketak egin ondoren, herritarrek orain haien gaineko «interesa» badutela adierazi du zinegotziak.
Kosta Tailerreko lanak ere duela bi urte amaitu zituzten, baina bertan ere hezetasun arazoak izan dituztela nabarmendu du Dorronsorok. Beraz, «konponketa lanak egin behar izan dira». 12.000 euro bideratu dituzte horietara.
Horrez gain, Txanka hondartzako etxebizitza babestuetan ere hezetasun arazoei aurre egiteko 80.000 euroko inbertsioa egin du udalak. Kiroldegiko sistema elektrikoa ere aldatu egin du, 18.000 euro inbertituz. Egokitzapen lan horiek guztiak «ezinbestekoak» izan direla uste du Solaberrietak. Datorren urtera begira, kiroldegian berritze eta konpontze lanak egiten jarraituko dute.
Hiri altzariak ere egokitu dituzte azken hilabeteetan; besteak beste, Oa kaleko eskailerak margotu dituzte, eta Motondo ingurua «txukundu» dute. Frontoiari dagokionez, aldagelak berritu eta kantxa margotu dute.