Ibaia garbitzeko auzolana antolatu nahi dute Zestoan

Nerea Uranga 2012ko apirilaren 17a

Urola ibaiaren bazterrak garbitzeko auzolana antolatu nahi du Zestoako Udalak. Horretarako bihar bilera egingo dute, 19:00etan, Zestoako kultur etxean. «Iazko azaroko euritearen ondorioz ibaiaren bazterrak plastikoz-eta beteta daude, eta zikinkeri uga...

Urola ibaiaren bazterrak garbitzeko auzolana antolatu nahi du Zestoako Udalak. Horretarako bihar bilera egingo dute, 19:00etan, Zestoako kultur etxean. «Iazko azaroko euritearen ondorioz ibaiaren bazterrak plastikoz-eta beteta daude, eta zikinkeri ugari dago pilatuta. Auzolanean hori garbitzeko asmoa du Zestoako Udalak», adierazi dute Ingurumen Sailetik.

Batzarrean erabakiko dituzte ibaia garbitzeko auzolanaren eguna eta nondik norakoak. Biharko bilerara auzolanean parte hartu nahi duten herritar guztiak deitu dituzte. «Herritar guztiak daude gonbidatuta batzar irekira. Lanerako prest azaltzen den jende kopuruaren arabera zer eginkizun eta nola egin erabakiko dute. «Iazko azaroan euriteak izan zirenetik herritarrek hainbat proposamen egin dute udaletxean ibaiertzak garbitzeko. Baina neguan baino udaberrian egitea egokiagoa izango zela erabaki zen. Beste herri batzuetan ere horrelako auzolanak antolatu dituzte, Azpeitian, esaterako», azaldu dute.
Herriko lorategietan landareak landatzeko ekimen bat egin du berriki herritarrekin Zestoako Udalak. «Auzolanaren filosofiarekin» antolatu zuten landaketa ere. «Batik bat haurrek eta gurasoek hartu zuten parte landaketan, eta orduan hainbat herritar beste zenbait auzolanetan parte hartzeko prest azaldu zen», adierazi dute Ingurumen Sailetik.

Erakusketa irekita
Aste honetan bertan Azterkosta erakusketa egongo da ikusgai Zestoan. Kostaldearen inguruko erakusketa da, eta astelehenera bitartean egongo zabalik, Zestoako udaletxeko aretoan. Astegunetan dago irekita, goizetan 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldetan 18:00etatik 20:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide