Ostiralean, Gurekin Jai festa batzordeko kide Ainhize Muniozguren (Zarautz, 1986) epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, «terrorismoa goratzea» egotzita. Hari babesa agertze aldera, Madrilera epaiketara joateko autobusa antolatu dute ostiral goizalderako. 03:00etan irtengo da, Eguzki taberna paretik. Txartelak Arrano tabernan zein gaztetxean eskura daitezke.
Zer gertatu zen 2011ko San Pelaioetan txosnagunean?
Iazko sanpelaioetan, ekainaren 26an, Ertzaintza agertu zen txosnagunera 20:00ak aldera, eta presoen sakabanaketa salatzen zuen pankarta bat kendu zuen, aitzakia bezala Zarauzko preso politikoen argazkiak zuela esanez. Horrez gain, une horretan bertan txosnetan lanean zeuden zenbait lagun identifikatu zituen.Egun batzuetara, txosnaguneko arduradun gisa izena eman nuenez, Ertzaintzak nire aurkako ikerketa abiatuko zuela esan zidan, terrorismoa goratu izana leporatuta, eta Auzitegi Nazionalera igorriko zituela izapide horiek.
Orduz geroztik asko izan dira Madril aldera nik nahiz Gurekin Jaiko beste hainbat kidek egin behar izan ditugun joan etorriak. Urriaren 5ean Auzitegi Nazionalera deitu ninduten inputatu bezala deklaratu nezan. Urriaren 28an, aldiz, txosnetan txanda egiten ari zela identifikatu zuten beste lagun bat deitu zuten lekuko bezala deklaratzera. Astebetera, azaroaren 4an, Gurekin Jaiko beste hiru kide ere deitu zituzten inputatu bezala deklara zezaten, horiei ere terrorismoa goratu izana leporatuta.
Zorionez, azken hiru kide horien aurkako prozedura bertan behera utzi du epaileak, eta nire aurkako prozesuari eutsi. Hori dela eta, ostiralean nire kontrako epaiketa izango da Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen.
Zein jarrera izan zuen Ertzaintzak? Nolako erantzuna eman zieten Gurekin Jaiko kideek?
Ertzaintzaren jarrera mingarria izan zen nire ustez. Festa gune batean indarrez eta armatuta agertzea beti da mingarria, are gehiago herriko presoen senideen aurrean sakabanaketa salatzen duen pankarta bat kentzeko. Pankarta hark legea bete zezatela besterik ez zuen eskatzen, gainera. Hala ere, ni ez nengoen txosna gunean Ertzaintza bertaratu zenean, eta, beraz, ezin dut behar bezala baloratu.
Ostiralean izango da epaiketa. Zer gertatuko dela uste duzu?
Presoen aldeko elkartasuna da bertan epaitu nahi dutena. Ulergaitza da elkartasun hori delitu izatea, hori leporatuta norbait epaitzea. Baina inoiz ez dago jakiterik Auzitegi Nazionaletik zer aterako den; hori da espainiar justiziaren segurtasun bakarra.
Haritz Gartxotenea Zaporra-k esperantzak Auzitegi Nazionalean ez duela lekurik esan zuen atxilotua izan aurretik. Ordutik egoera aldatu egin dela uste al duzu? Testuinguru horretan, espero al zenuen halako deialdirik Auzitegi Nazionaletik?
Egia da azken hilabeteotan Euskal Herriko egoera politikoa asko aldatu dena. Aldaketa hori, zoritxarrez, alde bakarrekoa izan da orain arte. Beraz, ongi zioen Zaporra-k, bera izanik adibide, orain arte esperantzak ez duela lekurik Auzitegi Nazionalean. Azken asteetako erabakiak ezagututa, gainera, ez dut uste izango duenik ere. Ez naiz halakorik bizi duen lehen euskal herritarra.
Kontrako epaia ateraz gero, terrorismoa goratzea egozten badizute, zer gertatuko da? Zein da ezarriko dizuten zigorra?
Fiskalak urtebete eta sei hilabeteko kartzela zigorra eta 10 urteko gaitasun gabetzea eskatu du bere akusazio idatzian. Dignidad y Justicia akusazio popularrak, aldiz, urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra, eta 10 urteko inhabilitazioa eskatu du nire aurka. Beraz, aurkako epaia emanez gero, denboraldi bateko kartzelara eta gaitasungabetzera zigortuko nindukete, horrek nigan eta nire ingurukoengan sortzen duen samin eta haserrearekin.
Kontrako epaia ateraz gero, norbaitek pentsa dezake ni soilik zigortuko nautela, baina ez da hala. Nire senide eta lagunak ez ezik, Gurekin Jaiko kideak ere zigortuko dituzte.
Zein jarrera duzu halako gertaeren aurrean? Elkartasun adierazpenagatik zigor desproportzionatua dela iruditzen al zaizu?
Preso politikoen nahiz beren senideen aldeko elkartasuna adieraztea delitua izatea bidegabea eta ulergaitza dela deritzot, eta zer esanik ez hori aitzakiatzat hartuta norbait epaitu eta zigortzea.
Halako gertakariek festa batzordearen eguneroko lana oztopatzen duela diozue. Zein eratan?
Behin eta berriz gure lana eta lan eredua epaitzen ari dira. Horrez gain, ekonomikoki ere gastu izugarria sortzen du Madrilerako joan etorriek eta abokatuek, besteak beste.
Baina horrela izanik ere, herriak erantzuten duen bitartean, jai herrikoi, parte-hartzaile eta parekideak antolatzen jarraituko dugu. Argi azaldu nahi dugu hori. Oztopoak oztopo, lanean jarraituko dugu, egiten ari garenean sinesten dugulako.
Babesa sentitu al duzu? Eta kontrako jarrerarik?
Babes izugarria sentitzen ari naiz etengabe, eta eskertu besterik ezin dut egin. Indarrez bete naute, eta, beraz, eskerrak eman nahi dizkiet Gurekin Jairi eta babesa eskaini didaten guztiei. Horrek, jai herrikoi, parte-hartzaile eta parekideak antolatzen jarraitzeko indarra eman digu, zalantzarik gabe.
