Datozen hamar urteotan Aranzadi Zientzia Elkartearen esku egongo dira Urola trenaren Zestoako bainuetxeko geltoki zaharraren hiru eraikinak. Bainuetxearen ondoko eraikinak lagatzeko hitzarmena atzo sinatu zuten Eusko Jaurlaritzako garraio sailburu Iñaki Arriolak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko lehendakari Francisco Etxeberriak. Han, zientzia eta kultura ondarearen inguruko jarduera irekiak garatzeko asmoa dute, Jaurlaritzak «ikerketa zientifiko-historikoetarako» utzi baitio eraikina. Eusko Jaurlaritzak ondare historikoa eta kulturala osatzen duten elementu arkitektonikoak sustatzeko asmoa du, eta utzita dauden elementu arkitektonikoak berritu, eta jarduera berrietarako baliatu nahi ditu.
Aranzadik geltokia berritu eta hamar urtez erabiltzeko aukera izango du. Akordioa bi urtez luzatzeko aukera ere badago. Baina trenbidearen erabilerarako beharko balitz, ETSk eraikina berreskuratu egingo luke.
Aranzadik bi edo hiru urteren buruan eraikina berritu eta martxan jarri nahi du. Iriakaitzen biltzen dutena gizarteratzeko baliagarri izango dutelakoan daude. Horretarako eraikin nagusiaren beheko solairuan interpretazio gunea jarriko dute, eta goiko solairuak lanerako erabiliko dituzte.
Aranzadikoak ikerketa ugari egiten ari dira Zestoan eta inguruan. Esaterako, Paleolitiko garaiko Iriakaitz aztarnategia bainuetxeko geltokitik metro oso gutxira dago. Horrez gain, inguru horretan ondare-osagai garrantzitsuak daude: Lili jauregia, Ekaingo kobazuloa eta Ekainberri eta Lili errekako burdinolak eta azpiegiturak.