Iaz baino hiru milioi euro gutxiago ditu aurten Azpeitiko Udalak aurrekontuan

Nerea Uranga 2012ko apirilaren 17a

Apirileko ohiko udalbatzarrean onartu zituen Azpeitiko Udalak aurtengo aurrekontuak, hilaren  3an. Bilduko zinegotzien baiezkoarekin onartu dituzte udal aurrekontuak; EAJko ordezkariek eta Hamaikabatekoak kontra bozkatu zuten. Gaur egungo egoera ekonomikoak baldintzatuta, iaz baino hiru milioi euro baxuagoa da aurtengo udal aurrekontu propioa: 16.563.950,26 eurokoa da aurtengoa eta 19.788.664 eurokoa 2011koa. Udalaren aurrekontu osoak, berriz, beherakada nabarmenagoa du: 23.997.559 eurokoa zen iazkoa eta 17.715.250 eurokoa aurtengoa. Udal administrazioan gastu korrontea edo ohiko gastua jaisteko «optimizazio plana» jarri du martxan Udal Gobernuak (Bildu). Plana etengabea izango dela esan dute, beraz urtean zehar ere gastuak jaisten ahaleginduko dira. Gastuak jaisteko udalak subkontrata guztiekin hitz egin du banan bana eta egoeraren berri eman diete, zenbait kasutan murrizketa «gogorrak» planteatuz. Horrez gain, ur zerbitzuaren kudeaketa Ur Kontsortzioaren esku utziko du Udalak. Udalak berak ematen dituen zerbitzuetan ere izango dira murrizketak. Euskara Patronatuan, Udal Euskaltegia «indartzeko apustua» egin du Udalak eta dauden «duplizitateak» saihesten ahaleginduko da Udala. Udaltzaingoaren kasuan, berriz, udaltzain kopurua jaitsiko dute, «beste herriekin alderatuta, Azpeitian udaltzain gehiegi daudelako, eta Ertzainetxea gertu, kilometro gutxira, dagoelako». Osatu berri dituzten aurrekontuak «biziak» direla nabarmendu du Manuel Unanue Ogasuneko zinegotziak. «Azpeitiko Udala, bere neurrian, herriko beharren inguruko inbertsio motor bat izatea da gure nahia», azaldu du Eneko Etxeberria alkateak. Aurrekontuen segidan, inbertsioen kapitulua gehituko dutela azaldu du Unanuek. Oraingoz,  udal aurrekontuetan jaso dituzten inbertsioak diru-laguntza baieztatua dutenak dira: Foru Ibilbidean oinezkoentzako pasabidea egitea eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarairen Berdelariko ikastetxeko pilotalekuan eskaileren tokain oinezkoentzako malda egitea. «Herriari erantzunez» Onartu berri dituzten udal aurrekontuen Udal Gobernuaren estrategiei eta irizpideei erantzuten diotela azpimarratu dute Bildukoek. Hoiek osatzeko lan handia egin behar izan dutela diote udaletxeko arduradun politikoek, «aurrekontuen osaketak Udal Gobernuari lan handia eta erabaki gogorrak hartu beharra ekarri du». Iazko abenduan hasi ziren aurtengo aurrekontuak egiten udaletxean eta prozesu parte-hartzailearen bidez osatu dituzte. Azkenean, «aurrekontu zuhurrak eta arduratsuak» osatu dituztela azaldu dute udaleko arduradunek. «Guk, arduratsu jokatu dugu, eta hor daude herriari erantzuten dioten aurrekontuak, une honetan gure herriak behar dituenak», esan dute. «Sarreren jaitsiera nabarmena espero da, eta ziurgabetasun ekonomikoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta aurreko urteko likidazioaren zain egotea ekarri du», dio alkateak. Udal aurrekontua osatzerakoan oposiziokoen ekarpenak faltan bota dituztela kritikatu dute. Oposizioaren desadostasuna Udaleko oposizioko alderdiek Udal Gobernuak (Bildu) aurkeztutako aurrekontuen kontra bozkatu dute udalbatzarrean. EAJko Aitor Gorrotxategik esan duenez, beraien parte-hartzea ez da behar bezalakoa izan eta «lau urterako plangintza falta» ikusten dute. Aurrekontuetan murrizketak Euskara Patronatuan eta Udaltzaingoan bakarrik ikusten dituzte EAJkoek, «orain begiratu behar ziren partida asko eta asko begiratu ere ez dira egin: Uema, Kultur Mahaia, Eraikuntza Nazionala, Ikasberri, Iraurgi Lantzen, Ingurugiro Museoa, liburutegia zerbitzua ematea, begirale zerbitzua, argitalpenak eta komunikazioa...». Partida hoien atzetik dauden batzordeak «behin bakarrik» deitu direla kritikatu dute EAJkoek, «partida hauek kolore gorria zuten eta oraindik askok kolore gorria izaten jarraitzen dute». Aurrekontuak egiteko «kudeaketa kaskarra» izatea leporatu dio Udal Gobernuari. Hamaikabateko Aitor Aranguren zinegotziak udal aurrekontuak onartzeko prozesua formalki, joan behar den bezala joan dela esan zuen. Baina, proposamenik ez egiteko erabakia hartu du, «gehiengo osoa daukan gobernu bat oposizioa konbentzitzen ahalegindu behar» delako.   Azpeitiko Udalaren 2012ko aurrekontuak Azpeitiko Udalaren aurrekontu orokorra    23.997.560 euro(2011 urtea)    17.715.250 euro(2012 urtea) Azpeitiko Udalaren aurrekontu propioa        19.788.664 (2011)             16.563.950 (2012) Euskara Patronatua                                          654.200 (2011)                    585.929 (2012) Udal Kirol Patronatua                                     1.074.342  (2011)                  1.107.126 (2012) Azpeitia Lantzen SA                                         3.463.086  (2011)                 388.000 (2012) Udala arloka  Ogasuna eta kontuak                1.297.358 euro Hirigintza eta ingurumena       1.829.200 Hezkuntza eta euskara              788.889 Kultura eta gazteria                   738.500 Kirolak                                          798.326 Gizartekintza                               925.420 Langileria eta antolakuntza      5.431.554 Festak                                            541.360 Zerbitzu Orokorrak                     3.373.125 Alkatetza                                      316.000 Industria, merkataritza, turismoa eta baserriak        416.718 Parekidetasuna                107.500

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide