Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurten ere euriak eta eguraldi txarrak ez du festa hondatu. Zumaiarrek, jantzi urdinak soinean zituztela, goizean goiz irten dute gaur etxetik, San Telmo eguna ospatzeko. Asteburuko hondoari aurre eginez, santuaren erlikia bizkarrean hartuta, ohiturazko prozesioa egin dute Itzurun gaineko ermitara. Meza nagusiaren ostean, parrokiatik ermita txikira egindako ibilbidean hartutako hotza baretu dute hainbat elkartetan. Salda beroa eta haragi errea dastatzeko aukera izan dute herritarrek, besteak beste. Agintariei eta gonbidatuei, berriz, kofradian eskaini diete herritarrek hamaiketakoa.
Behin barrua berotuta, gorputza astintzeko txanda iritsi da. Incansables txarangarekin nekatu arte dantzatu dute zumaiarrek herriko kaleetan zehar. Haurrek Eusebio Gurrutxaga plazan izan dute hitzordua, Gorriti eta bere abereen saioa ikusteko.
Arratsaldean, Urrezko Aizkora Eusko Label Txapelketa jokatu ostean, dantzaldia izan da Kofradiako plazan, Obaneuke taldearen eskutik. Talde horrek girotuko du gaua ere, sardina janaren ostean.
Festen jarraipena, asteburuan
Lau eguneko atsedenaldiaren ostean, ostiralean jarraituko dute festa egitarauarekin. Iluntzean, 20:00ak aldera, herriko bertsolariek saioa eskainiko dute, Torreberri gaztetxean. Musika taldeek girotuko dute gerora ostiral gaua, bertsioak eskainiz.
Larunbatean, goizetik gauera artean ez dute aspertzeko betarik izango herritarrek. Olagarro zopa lehiaketa, abesbatzen emanaldia, gaztetxoentzat diskoteka eta Zesatek, Lauroba, eta Egurra eta Kitto taldeen kontzertuak izango dira, besteak beste. Igandean ere izango da zer ospatua. Zazpi eguneko festaren ostean, gauerdian jaitsiko dute bandera.
Apirilak 20, ostirala20:00. Torreberrin, Bertsotan jai, herriko bertsolarien saioa.
22:30. Txosnetan, Bertsio gaua, herriko musika taldeekin.
Apirilak 21, larunbata11:30. Haur jolasak Ondartxo plazan, Itxas Gainen eskutik.
11:30. Eusebio Gurrutxaga plazan, XI. Olagarro-zopa Lehiaketa, eta rana
eta pote txapelketak. Ekitaldia alaitzeko, Elustondo anai-arrebak trikitilarien saioa.
12:00. Herriko kaleetan, Beheko Plaza eta Zornotzako Korala abesbatzen saioa.
14:30. Txosna eremuan, bazkaria eta kantu saioa.
18:00. Eusebio Gurrutxaga plazan, gaztetxoentzat diskoteka.
18:30. Kaleetan zehar, Zumai txarangaren saioa.
22:00. Txosna eremuan, kontzertua: Ze Esatek, Lauroba, eta Egurra eta Kitto.
22:30-02:00. Kofradian, DJonekin disko jaia.
Apirilak 22, igandea11:30. Ostolaza eta Txapartegi trikitilarien saioa.
Eguerdian. Eusebio Gurrutxaga plazan, Erkibe kultur
elkartearen eskutik, olagarro zopa.
12:00. Itzurun hondartzan, zaldi lasterketa.
18:00. Aita Mari aretoan,
haurrentzat antzerkia, Poxpolo eta Konpainia taldearen eskutik.
18:30. Trainerillen estropada, XXIX. San Telmo Saria.
Eta Ostolaza eta Txapartegi trikitilarien saioa.
18:30. Talo jana, Txinparta taldearen eskutik.
19:00. Kofradian erromeria, Orots taldearekin.
22:30. Orots taldearen saioa.
00:00. Bandera jaistea, eta santelmoei agurra.