Aurten 20 urte beteko ditu Gozategi taldeak plazarik plaza hasi zela. Hori dela eta, beren ibilbideko abestiekin bilduma disko bat kaleratuko dute aurtengo udazkenean eta, horren harira, aurrerapen abestia entzuteko moduan jarri dute dagoenerako.
Kanta ezaguna da taldeak diskoa promozionatzeko aukeratu duena, Kalanbreak. Dena dela, abestia berriz grabatu dute 2011 bukaeran Mikel Irazoki ekoizlearekin –Miguel Boserekin, zuzendari musikal bezala, eta Luz Casalekin egin du lan Irazokik besteak beste– eta Yuri Nogueira –Bose, David Bisbal, Celia Cruz, Ana Torroja…– perkusio-jole kubatarrarekin. Estudioan Jean Phocas teknikari aski ezaguna eta Victor Sanchez haren laguntzailea ere izan dira lanean. Abestia ukitu berriekin dator, berrituta eta Joseba Aparicio eta Iñigo Peronaren tronpeta doinuekin. Diskoan, gainera, taldea utzita izan duen Ainhoa Gozategik ere hartu du parte abesti batzuetan ahotsa jarriz eta besteetan panderoa joz.
Abestiaren bideoklipa ere buruan dute dagoenerako taldekideek eta laster jarriko dira haren grabaketarekin ere. Disko berezia izango da taldearentzat eta entzuleentzat ere hala izatea espero dute. Urteak pasa diren bezala, plazako jendea aldatzen joan dela ikusi dugu. Lehenengo ilaratan gazteak ikusi ditzakegu oraindik, eta lehen gazte zirenak atzerago begiratuta bistaratzen dira kontatzen du Asier Gozategik.
Plazarako gogoz daude taldekideak eta ziur eguraldi onarekin batera taulara igoko direla Euskal Herriko hainbat plazatan. Momentuz, hemen duzue kantu berria entzuteko aukera: