Ander E.-k beste bost urte zaintzapeko askatasunean pasatuko ditu. Iazko martxoaan aurkitu zuten Azkue hilik, Azpeitian, indarkeria arrastoekin.
Berria.info
Gipuzkoako Auzitegiak hamar urteko kartzela zigorra jarri dio Ander E..-ri (Azpeitia, 18 urte), Amaia Azkue hil zuela leporatuta, Efe berri agentziak hiru eta erdiak aldera jakinarazi duenez. Hamar urte horien ondoren gazteak beste bost urte zaintzapeko askatasunean pasatuko ditu.
Martxoaren 12tik 20ra izan zen epaiketa Donostian —jendearentzat eta hedabideentzat ateak itxita—, eta 50 lekuko eta 30 peritu inguru igaro ziren epailearen aurretik.
Joan den urteko martxoaren 16an aurkitu zuten Azkue (Orio, 39 urte) hilik, Azpeitian, Ibai Eder urtegian, indarkeria arrastoekin: buruan zeuzkan kolpeak, harri batekin eginak, eta autopsiak baieztatu zuen kolpe horien ondorioz zendu zela. Lotuta zeuzkan eskuak eta hankak.
Ikerketa hasi zuen Ertzaintzak, eta susmagarrien artean sartu zuen akusatua. Deklaratzera deitu zuten polizia etxera eta gazteak, ondoren, bere kabuz, fiskalarenera joanda aitortu zuen hilketa gazteak. Iazko abuztuaren 17a zen eta Ander E.-k hamazazpi urte zeuzkan. Atxilotu egin zuten eta adingabeentzako egoitza batean daukate orduz geroztik.
Epaiketako lehen saioan ukatu egin zuen berak hil zuela. Hain zuzen, duela hilabete eta erdi aldatu zuen bertsioa, berriro bere kabuz fiskalarengana joanda. Zioen beste pertsona batek hil zuela Azkue. Ez zuen ukatu hilketa lekuan egon zela —hori baieztatzen duten frogak badaude—, baina esan zuen pertsona horrek mehatxatu egin zuela, horregatik ez zuela salatu. Ez zuen zehaztu nor zen pertsona hori, deskribapen orokor bat eman zuen soilik.
Adingabe bati ezar diezaioketen gehienezko zigorra da hamar urteko espetxea. Fiskaltzak eta familiaren abokatu Miguel Castells horrenbeste urteko kartzela zigorra eskatu zuten epaiketan.
Epaileak gazteari lapurreta delitua ere egotzi dio.