Eraso!-k disko berria aurkeztuko du apirilaren 3an

Aritz Mutiozabal 2012ko martxoaren 30a

Zazpi urte geroago, disko berria du Eraso! laukote zarauztarrak. Ez gara inoiz hilko taldearen ibilbideko bosgarren lana da, eta datorren asteartean, apirilaren 3an, aurkeztuko dute Donostiako Udal Liburutegiko ekitaldi aretoan, 12:00etan. Zarautzen g...

Zazpi urte geroago, disko berria du Eraso! laukote zarauztarrak. Ez gara inoiz hilko taldearen ibilbideko bosgarren lana da, eta datorren asteartean, apirilaren 3an, aurkeztuko dute Donostiako Udal Liburutegiko ekitaldi aretoan, 12:00etan. Zarautzen grabatu dute, Ander Izeta taldekidearen estudioan, eta, ondoren, Usurbileko Hi-Gain estudioan nahastu dute, Haritz Harreguyren gidaritzapean. Martxoaren 22an kaleratu zuten diskoa, Bonberenea Ekintzak zigiluaren eskutik.

Guztira, dozena bat abesti bildu dituzte. Hona hemen abestien izenbuiruak, diskoan agertzen diren hurrenkeran: Orbainak; Memoria; Eskura sekula; Egusenti nuklearrak; Gaur ez bada, bihar; Hesiak; Jaungoikoaren izenean; Argazkia; Ez gara inoiz hilko; Izarapean; eta Beldurrak. Abesti gordinak bezain indartsuak dira, metal pisutsuarekin eta rock azkarrarekin uztartuta. Betikoak direla eta bizirik daudela erakutsi nahi du laukoteak.

Zuzenekoak ematen ere aurki hasiko dira. Aurkezpen kontzertua Bilboko Kafe Antzokian egingo dute apirilaren 12an. Jarraian, maiatzaren 12an, Hondarribiako Banakon izango dira eta maiatzaren 26an, berriz, Tolosako Bonberenean. Bestalde, Zarauzko Udaleko Kultura Sailak antolatutako Sorlekutik egitasmoan ere aurkeztuko dute disko berria, apirilaren 18an, 19:00etatik aurrera, Sanz Enea kultur etxeko sotoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide