Getariako Udalak 2012ko behin betiko aurrekontuak onartu ditu, «ardura eta zuhurtzia» irizpidetzat hartuta. Hala, aurtengo aurrekontu orokorra 4.146.421,8 eurokoa izango da, iazkoa baino bi milioi gutxiagokoa, hain zuzen ere. «Krisiak udalen sarrerak gutxitu baditu, gastuak ere murriztu egin behar dira. Orain arteko hainbat prozedimendu eta ohitura birplanteatzeko eta birpertsatzeko ordua da», adierazi du Aitor Irigoien ogasun zinegotziak.
Behin-behineko aurrekontuak aldatu egin ditu neurri batean udalak. Balentziaga kalean garajeak egiteko inbertsioa ere aintzat hartu dute aurrekontuetan. 800.000 euroko gastua izango da lana, baina Eusko Jaurlaritzak lagunduta, eta hainbat lur salduta parekatzea aurreikusten dute. Horrez gain, «parte hartze egitasmoa» martxan jartzeko asmoa du udalak. Horretarako 16.000 euroko partida onartu dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako 12.000 euro ere horretara bideratuko dituzte.
Bestetik, Getariako Turismo Bulegoa datozen asteetan irekiko dutela jakinarazi du Irigoienek, herriko merkatariekin hitzarmena sinatu ondoren. Horrekin, 13.000 euro aurreztuko ditu Getariako Udalak.
Ueman sartzeko asmoa
Udalak hainbat proiektu garatuko du. Bilduk jakinarazi du euskararen alorrean Getaria Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kidea izango dela aurrerantzean, berriz ere. Artzape babesteko hitzarmena berrituko dute, eta Urola Kostako Hitza-rekiko ere asmo bera du.
Aldamar Parkeko jolastokia berrituko du udalak, eta kultur arloan, «jai herrikoien aldeko apustua» egingo dute. Urtero 32.000 euro aurreztuko dituzte hala, baina «festen kalitateari eutsiz». Kultura Mahaia ere osatuko dute.
Turismoaren alorrean «plan estrategiko bat» osatuko dute, «herriaren neurriko turismo jasangarria bultzatzeko». Hondakinen politikari dagokionez, «gaikako bilketa indartzeko kontzientziazio» kanpaina hasiko dute. Zentzu horretan, atez atekoaren inguruko «eztabaida sustatu» nahi du udal gobernuak.
Bildu jakitun da herriko funtzionamendua bermatzeko elkarteei diru-laguntzak handitzea dela «inbertsiorik onena». Beraz, laguntzak mantendu edo areagotu egingo dituzte.
Pertsonal gastuei dagokienez, udaleko goi kargudunen soldatak %56 jaitsiko dituzte, eta zinegotzien dietak ere %20 jaistea onartu dute. Zergak eta tasak, berriz, ordenantza fiskalen arabera igo egingo dituzte. Igoera hori «mailakatua» izango da, «posible den tasa eta zergetan».
EAJren emendakinak
Bilduren eta Aralarren aldeko botokin onartu dituzte aurrekontuak; EAJ aurka agertu da, besteak beste, alderdiaren arabera prozedura ez delako «egokia» izan. Horrez gain, Udala jasotzekoa den 200.000 euro haurreskola berria egiteko balia dezala eskatu dio udal gobernuari. Haurreskolan «lekua falta» dela gogoratu dute jeltzaleek, eta egungo eraikina «behin-behinekoa» dela. Berria egiteko «beharra» dagoela nabarmendu dute. Bilduren esanetan, «agintaldiko lehenentasunetako bat izango da hori». Bilduk adierazi du «ahal bezain inbertsio gehien» egiten saiatuko dela. Horiek, ordea, lortzen dituzten sarreren arabera izango dela esan du. Hala ere, koalizioak nabarmendu du ez duela orain arteko inbertsiorik «geldiarazi».
Bestetik, aurrez sinatuta dauden kontratuak ez murrizteko eskaera egin du EAJ, eta hain zuzen ere, hori izan da udalbatzak onartu duen emendakinetako bat. Aralar ere bat agertu da kontratuak «errespetatzearekin», eta aldaketaren bat egiterakoan «adostasunak lortuaz» izan daitezela uste dute bi taldeek; hala, Bilduk ondasun arrunten eta zerbitzuen inguruko kontratuak murrizteko zuen asmoa atzera bota dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiari zor dioten foru funtsaren inguruko zenbatekoaren aldaketa ere onartu dute, behin behineko aurrekontuetan jasota zegoena «ez zelako erreala».
Herenegun iluntzean onartu zituzten behin betiko aurrekontuak. Apirilean aurkeztuko dituzte publikoki. Datorren urteko aurrekontuak «garaiz» landuko dituztela jakinarazi du Bilduk; aurten baino lehenago hasiko dira, alegia. «Herritarren partaidetza zabala» bultzatuko dute.
