Oriotar batek gose greba hasi du, zaintza partekatua aldarrikatzeko. Donostiako udaletxeko atean zen herenegun protestan, eta Bulevarreko kioskoan egongo da astebetez. Hala ere, ez du zehaztu noiz utziko duen protesta bertan behera.
Joseba Urbietak zaintza partekatua lehenestea eskatzen du, banaketa edo dibortzio kasuetan, eta «legea erabili egiten dela, eta salaketa faltsu ugari aurkezten dela» aitor dezatela.
Egungoa, «salbuespena»
Zain egoteaz «nazkatu» da Urbieta, jakinarazi duenez. Hala, «arazoa bistarazi, eta politikariak ez direla herritarren eskaerei erantzuteko gai nabarmendu» nahi du oriotarrak. «Politikoak sentsibilizatu nahi ditugu, benetako eskaera bat badagoela jakinaraziz; horren arduradun izan behar dute politikariek».
Zaintza partekatua ahalbidetzen duen legea ezartzeko eta bere egoera berean dauden pertsonei babesa emateko hasi nahi izan du Urbietak gose greba. Izan ere, oriotarrak salatu du egun lehenesten den legeak zaintza gurasobakarra bermatzen duela. «Ondorioz, aitak bi astean behin igarotzen du asteburua seme-alabekin». Hori hala, egungo legea «salbuespena» izan dadin aldarrikatzen du oriotarrak. «Adin txikikoaren eskubidea da aitarekin harreman irekiagoa izatea». Guraso bananduen Gipuzkoako elkartearen (Agipase) babesa du. «Gose greba babesten dugu, kontzientziaziorako tresna delako, baita legea moldatzeko aldarria ere», adierazi du elkarteak.