Lan erreformaren aurrean, bat eginik?
Martxoaren 29ko greba egun arrakastatsu baten aurrean gaude, ohikoa den moduan askotariko balorazio eta gorabehera datuak ikusiko ditugun arren. Urola Kostan grebak izan duen jarraipenari dagokionez, mobilizazio egun indartsu baten aurrean gaudela erakutsi dute industrialde nagusienen eta komertzio txiki gehienen pertsiana itxiek. Itzalak ere badira ordea: bozkatzea galerazi diete langile batzuei; enpresa batzuetan, berriz, greba eguneko lanuztea enplegua erregulatzeko espedientearen barruko egun bezala kontatuko dute.
Greben baliogarritasuna hizpide izango dugu egunotan: jatorrizko zentzua galdu ote denaren duda-mudan, eta sindikatuek mobilizatzeko bide berriak ere hausnartu beharko dituztela proposatuz. Dena den, bereizi beharko da greben eraginkortasunaz eta arrakastaz zer ulertzen dugun eta greba deialdi edota mobilizazioetarako arrazoirik baden. Grebaren arrakasta ezin da Madrili min emango dionaren ustean egikaritu, Madrili min emateak ez baititu gure minak arinduko. Ildo honetatik, nahikoa ezkor agertzen naiz grebak, berak bakarrik, izan ditzakeen ondorio baikorren inguruan: alegia, atzoko mobilizazioek lan erreformaren txostenean komatxoren bat aldatuko duen ala ez, edota greba biharamuneko Madrilgo aurrekontuetan eraginik islatuko den. Europak abagune eskasak uzten dituenaren ideia guztiz aztertu gabe ere, agerikoa daPPren Madrilgo gobernua krisiaren ingurumaria bere doktrina aplikatzeko baliatzen ari dela.
Hau esanda, protestarako inoiz baino arrazoi gehiago daudela ere uste dut. Langileei dagokienez, lan erreformaz gain urte luzeetako borroken ondorioz lorturikoak bidean uzteko arriskuan goaz, eta eskubideak ez dira oparitzen. Kostata irabazi eta erraz galdu egiten dira. Ezbairik gabe, mobilizaziorik gabe ez da aldaketa aukerarik, eta erreforma eta murrizketen olatua geraezina litzake. Grebaren bitartekoa, ordea, ezin da helburutzat jo: zentzu horretan, eragile askok adierazi dute continuum batean garatu beharreko estrategia baten barruan uztartu behar dela.
Langileen eskubideen zapalketaz gain, sindikatuek ere hitzarmen kolektiboen eredua kolokan dute. Nahikoa arrazoi denek batera mobilizazio bat deitzeko baina, grebaren aurrekariek, gurean, helburuei begira gutxiengo batzuk adosteko ere borondaterik ez dutela izan erakutsi dute. Martxoaren 29ko greba honen berezitasunetako bat sindikatuen deialdi bateratu bat izan bazitekeen ere, balizko batasun honek fikziotik errealitatetik baino gehiago zuela agerian gelditu zen. Alde batetik, orain dela bi hilabete ELAk eta LABek gehiengo sindikalaren haustura irudikatu zuten. Hala ere, martxoaren 29ko grebarako deialdia batera erregistratu zuten, sarritan ahazten ditugun beste sindikatu txikiagoekin batera. CCOO eta UGT sindikatuek, bestalde, hilabete beranduago erregistratu zuten Estatu osorako greba deialdia. Azken urteetan ikusi ez genuen aniztasun sindikalaz mintzo gaitezke, baina ELAko zenbait buruzagik greba deialdiak bereizi egin nahi izan dituzte, eta greba egunaren aukeraketarekin bakarrik datozela bat argitu nahi izan dute. Grebaren helburuak eta praktika sindikalak oso bestelakoak direla adierazi dute. LABek jarrera baikorragoa erakutsi du, eta egun eta bitarteko beraren aukeraketak mobilizazioak indartu dituela uste du.
Sindikatuek euren arteko lehia islatu dute. Langile askok pozik hartu badute ere CCOOek eta UGTk ere greba deialdia egitea, sentsazio hau ez da errepikatu sindikatuen buruzagitzetan. Sindikalgintza ereduez, estrategiaz, eta euren arteko konfrontazioaz ari dira. Lan erreformak langileei eta langabetuei sor edo areagotu diezazkieten kalteak, ordea, ez dira afiliatuak diren sindikatuen araberakoak. Gainera, ez da ahaztu behar langileen zati handi batek ez duela inolako afiliazio sindikalik.
Erreforma honen ondorioak eta eskubideek jasango dituzten guraize-ebakiak Azpeitiko zein Murtziako langileek jasan beharko dituzten arren, hemengoek Estatukoek baino lan baldintzak hobeak izan dituzte. Gure lan sektoreek lagundu dute, baina hemengo gehiengo sindikalak lorturiko lan hitzarmenak izan dira, hein handi batean, hori ahalbidetu dutenak.
Aurrera begira, beharrezkoa dugu hausnarketa bat sindikatuek eta langileek komunean dituzten interesen inguruan. Lan merkatuaren dualizazioak kontratu finkoak eta behin-behinekoak dituztenen arteko ezberdintasunak sortu ditu, eta sindikatuek askotan dualizazio honi jarraipena eman diote. Langabetuak, berriz, auzi hauetan bigarren maila batetara zokoratuak izan dira nire ustetan. Eta, jakinekoa da: ibai nahasia, arrantzaleen irabazia.