Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak, azken hilabetetan, hondakinen kudeaketaz zabalduriko eztabaida eta plenoetako joera ikusita, honakoa adierazi nahi du.
-
Ongi etorria dela eztabaida gai honi buruz. Hondakinena benetako arazoa da herri honetan, eta honen ondorioak, Urtetaren kasuan, gertutik ezagutzea suertatu zaigu. Horregatik, konponbide bat ezinbestekoa da.
-
Alderdi guztiak ados gaudela uste dut zero zabor politiketara bidean lan egin behar dugula diogunean. Alegia, hondakinak murriztuz, berrerabiliz edo birziklatuz egin behar dugu lan. Alderdi guztiek dioten bezala, puntu horretan ados baldin bagaude abiatu gaitezen adostasun horretatik.
-
Inbidiaz ikusten dut herrialde katalanetan hondakinen inguruan eramandako politika, alderdi interes guztietatik kanpo eman baita. Gure ardura da, aldagarri ekonomiko, ekologiko eta osasunezkoak lehenetsiz eztabaidatzea. Baina premisa bat argi izanik: ezin dugu orain artean bezala jarraitu.
-
Zalantzarik ez dut aldaketa herritarrek egingo dutela. Horregatik herritarrak birziklatze politiketan ausart jokatzera animatu nahi ditut eta, udalean ordezkaritza duten alderdiei, amaitzeko, gure batzordeetan elkarlanerako gonbite zintzoa egiten diet:Eztabaidatu ditzagun proposamenak eta erakutsi diezaiegun herritarrei, gai honetan Udalak arduraz jokatzen duela. Konponbidea gure esku ere badago, eta eman dezagun adibidea behingoz.