Kirol portuko hiru eraikinak inauguratu dituzte

Karkara.eus 2012ko martxoaren 29a

Iñaki Arriola sailburuak eta Beñat Solaberrietak eraikinon garrantzia azpimarratu dute

Eusko Jaurlaritzak Orioko kirol portuko dartsenan portu zerbitzuetarako eraiki dituen hiru eraikinak inauguratu dituzte Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan et...

Iñaki Arriola sailburuak eta Beñat Solaberrietak eraikinon garrantzia azpimarratu dute

Eusko Jaurlaritzak Orioko kirol portuko dartsenan portu zerbitzuetarako eraiki dituen hiru eraikinak inauguratu dituzte Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuak eta Beñat Solaberrieta alkateak. Ekitaldian, agintariez gain, kirol portuko eta kapitaintzako langileak eta erabiltzaileak izan dira, baita beste hainbat kirol portutako ordezkariak ere.

Hiru eraikinak berdinak dira fatxaden diseinuari dagokionean, koloreak bereizten ditu eta obraren aurrekontua 1,1 milioi eurokoa izan da. Hiru eraikin dotore eta moderno dira, inguruarekin bat datozenak eta erabilera anitzerako moldatuak, esan du Beñat Solaberrietak.

Eraikin horiko beheko solairua kapitaintza erabiltzeko atondu dute eta 315 metro koadro ditu. Kapitaintza eta aldagelak era independentean funtzionatzeko moduan antolatu dituzte. Ordutegi normalean, Kapitaintzatik sartuko dira erabiltzaileak aldageletara, baina ordutegitik kanpo erabiltzeko beste sarrera bat ere izango da.  Bestalde, goiko partean bi terraza ere badaude.

Beñat Solaberrietak adierazi du inauguratu zenetik martxa onean egin duela aurrera portuak, baina behar guztiak ase ahal izateko falta zen eraikinak egoki ustiatzea eta gaurtik aurrera zerbitzu hori modu duinean eskaintzeko moduan gaude. Gaineratu du oriotarrentzat garrantzitsua dela kirol portua. Batetik, turismoari begira, gure historian bezala mundura begira, kanpora begira egoteko balioko digulako. Kanpotik datozenentzat aukera ezin hobea da gure herria ezagutzeko, kirol portuan ontzia izanik herrira gerturatzeko zerbitzu bikainak eskaintzen zaizkielako. Bestetik, itsasoari hain lotuta egon den herriak behar duelako horrelako toki bat, herriko hainbat arrantzalek kirol portu honetan amarratuta du bere ontzia. Lotura handia dugu oriotarrok itsasoarekin eta gune hau bihurtu da lotura horren adierazle.

Turismoaren garrantzia adierazten dute Iñaki Arriolak emandako datuek ere: urtero 70 inguru dira kirol portu honetan atrakatu duten kanpoko ontziak eta hemen atrakatzen duten ontzietatik asko hemen inguruko herrietako bizilagunenak dira, beraz, turismorako gune egokia da.  

Gauzak, denborarekin, aldatu egin dira eta gaur egun Oriok arrantza portu modernoa eta 294 ontzirentzako kirol portua dauzkala esan du Arriolak. Azken finean, obra hauen asmoa portuak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea hobetzea da eta dagoeneko hain ederra den dartsenaren balioa handitzea. Horretarako ezinbestekoa da portuak bizitza edukitzea eta eraikin berri hauek bizitza ekarriko dutela ziur naiz.  

Portuari bizia emateko mugimendua eta jarduerak izatea beharrezkoa dela gaineratu du eta hori da, hain zuzen ere, lortu nahi dutena eraikinei bizia emanez portua erakargarriago egitea. Pello Olazabal Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakundeko buruak esan duenez, oraindik zehaztu gabe dago beste bi eraikinetan zer izango den. Eraikin urdinean baliteke jatetxeren bat jartzea, hori nahi genuke guk. Hala ere, oraindik lehiaketara atera behar dira. Nautikei ere eskaini diegu, baina momentuz ez dute etorri nahi, itsasontzi gutxi dago-eta. Urpekariak ere baliteke hemen kokatzea. Hala ere,  portuko erabiltzaileen elkartekoekin harremanetan ari gara beren beharren berri jakiteko eta horren arabera ahal dugun moduan egokitzeko eraikinak.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide