Espainiako Gobernuak indarrean jarri duen lan erreforma salatzeko greba orokorra izango da bihar, eta Urola Kostako zerbitzu publikoetan jarraipen zabala izango du lanuzteak. Azkoitiko, Azpeitiko, Aizarnazabalgo, Getariako, Orioko, Zarauzko, Zestoako eta Zumaiako udal langile guztiek egin dute bat grebarekin. Beraz, ez da zerbitzurik eskainiko udaletxeetan. Halaber, udalok kudeatzen duten bestelako zerbitzurik ere ez da izango biharkoan. LABen arabera, ez dituzte gutxiengo zerbitzuak ezarri. Soilik Udaltzaingoak egingo du lana, hala araututa dutelako.
Irakaskuntza arloan ere ia erabateko jarraipena izango du biharko grebak. Gehienek gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituzte, baina hainbat ikastetxe itxi ere egingo dute.
ELA sindikatuak adierazi duenez, ikastetxe pribatu guztietan izango dira lanuzteak; publikoek, berriz, batzar informatiboak egin dituzte.
Zarauzko Lizardi institutuan, esaterako, lanuzteak izango dira, eta gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte. Zarauzko haurreskolan ere lanuzteak egingo dituzte. Orokieta Herri Eskolak ere greba egingo du.
Herriko hainbat enpresetan ere greba egingo dute. Esaterako, Eroski itxita izango da, baina oraindik ez dago bestelako datu zehatzik.
Ohi bezala, pikete informatiboak egingo dituzte goizaldean, eta gero manifestazioak izango dira. Zestoan eta Zumaian 09:00etan elkartuko dira plazan, eta Azpeitian, Getarian eta Zarautzen 09:30ean. 12:00etan, berriz, manifestazio nazionala izango da Donostian, eta arratsaldean ere mobilizazioek jarraituko dute; Azpeitian, Getarian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian egingo dituzte manifestazioak, 18:00etan.
Interneten ere hainbat «aktibistak» tokian tokiko informazioa emango dute, greba.euskalherrian.info atarian eta Twitterreko @grebaorokorra kontuan.
Urola Kostako Hitza-ko langileek gaur egingo dute lanuztea. Beraz, edizio digitalean ez da albisterik izango, eta bihar ez da egunkaria argitaratuko. Hala ere, ostegunean jarraipen berezia egingo dio grebari. Goizean goizetik grebak herri bakoitzean duen eragina jasoko du atari honetan.
