Elkartasuna, kilometroz kilometro

Aritz Mutiozabal 2012ko martxoaren 28a

[Sasoian.info] Hilabete pasatu da eskualdeko hiru lagunek —Aitor Irigoien getariarrak, eta Maria Izeta eta Alaitz Aiertza zarauztarrek—  Sahara Marathon lasterketan parte hartu zutenetik. Bizipenak eta oroitzapenak, ordea, oraindik fresko dituzte, eta ez dirudi horren erraz ahaztuko dituztenik. Hirukoteak argi zuen   desertuan korrika egiteko aitzakian sahararren errealitatea eta errefuxiatu-guneak bertatik bertara ezagutu nahi zuela. «Batzu­ek kirol ikuspegitik hartzen dute bidaia, proba bera eta denborak kontuan hartuz. Guretzat hori baino gehiago zen; korrika egiteaz aparte, hango familiekin egon, eta haien bizimodua ezagutu na­hi genuen». Errefuxiatu-guneak Aljeriak utzitako basamortu zati batean daude, eta korrikalariek Smara kanpamenduan egin zuten bat;  Sahara Marathongo helmugan, ale­gia. Aste bateko egonaldia egin zuten bertan, otsailaren 25­etik martxoaren 2ra, fa­­milia sahararren haimatan. Euskal Herritik 25 lagun joan ziren, eta horien artean hirukotea; bidaia egin aurretik, gainera, ez zuten elkar ezagutzen. Lau proba aukeran Lasterketak lau modalitate di­tu: maratoia (42 kilometro), maratoi erdia (21 kilometro), 10 kilometroko proba, eta 5 kilometrokoa. Guztiak otsailaren 27an jokatu zituzten; proba bakoitzak abiapuntu eta ordutegi jakin bat zuen, nahiz eta toki berean helmugaratu. Zarauzko Emakume Korrikalarien taldeko kide dira Aiertza eta Izeta, eta 10 kilometrokoa egitera animatu ziren. «Erronka polita izan zen distantzia hori desertuan egin ahal izatea», adierazi du Aiertzak. «Bero egiten zuen arren, gustura geratu ginen egindako saioarekin. Helburua bukatzea zen, eta halaxe egin genuen, ibilbide osoa korrika osatuz». Irigoienek ere maratoi erdia desertuan korritzeko kuriositatea zuen. Bere hitzetan: «Lurra harritsua zen, eta hondarguneak eta dunak igaro genituen. Beste planeta batean egotea bezala zen. Ingurura begiratuta, ez genuen erreferentziarik: hondarra, desertua eta zerua besterik ez zegoen. Land Rover autoek markaturiko bideak jarraitu genituen, eta, tartean, makilak edo harrizko tontortxoak izan genituen gida». Ezagutzera emateko Sahara Marathon antolatu duten hamabigarren aldia izan da aurtengoa. Herrialde bati elkartasuna adierazteko kirol ekimena da, «korrikaldi erabat eskuzabala», baina hori baino askoz gehiago: «Basamortuaren erdian daude, eta kanpoko laguntzari esker bizi dira», aditzera eman du Izetak. «Orduan, horrelako egitasmoek haien egoera ezagutzera emateko edo zabaltzeko balio du». Gainera, haientzako «errutina haustea» ere badela dio Irigoienek. «Azken egunean ez joateko esaten ziguten. Izan ere, futbol partidak, jokoak eta barreak egin genituen elkarrekin. Haientzat oasi bat da, euren egunerokoa hausten duen aste bat». Esperientzia ederra bezain ahaztezina bizitzeko aukera izan dute, zalantzarik gabe, eta errepikatzeko gogoz geratu direla aitortu dute. Irigoenek, esaterako, maratoia eginez, berriro ere hango biztanleekin egon nahiko luke da­torren urtean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide