Zerbitzu publikoan eta hezkuntzan ia erabateko jarraipena izango du grebak

Ane Olaizola 2012ko martxoaren 28a

Espainiako Gobernuak indarrean jarri duen lan erreforma salatzeko greba orokorra izango da bihar, eta Urola Kostako zerbitzu publikoetan jarraipen zabala izango du lanuzteak. Azkoitiko, Azpeitiko, Aizarnazabalgo, Getariako, Orioko, Zarauzko, Zestoako eta Zumaiako udal langile guztiek egin dute bat grebarekin. Beraz, ez da zerbitzurik eskainiko udaletxeetan. Halaber, udalok kudeatzen duten bestelako zerbitzurik ere ez da izango biharkoan. LABen arabera, ez dituzte gutxiengo zerbitzuak ezarri. Soilik Udaltzaingoak egingo du lana, hala araututa dutelako. Hala, Zumaiako Udalak adierazi du erregistro orokorra Udaltzaingoan egongo dela. Aian, berriz, batzar informatiboa egin zuten atzo, eta LABen arabera, langile «gehientsuenek» egingo dute lanuztea. «Erreforma horren bidez, Espainiako Gobernuak langileen kaleratzea erraztu eta enplegua dutenen lan baldintzak eta soldata okertu nahi ditu», adierazi du Zumaiako Udal Gobernuak. Hori hala izanik, herritarrei dei egin dien «euren eskubideen alde» greba egin, eta biharko mobilizazioetan parte hartzeko. Ikastetxeetan ere greba Irakaskuntza arloan ere ia erabateko jarraipena izango du biharko grebak. Gehienek gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituzte, baina hainbat ikastetxe itxi ere egingo dute. ELA sindikatuak adierazi duenez, ikastetxe pribatu guztietan izango dira lanuzteak; publikoek, berriz, batzar informatiboak egin dituzte. Horiei dagokionez, Aiako Lardizabal herri eskola itxi egingo dute. Azkoitiko Xabier Munibe ikastolan ere greba egingo dute, eta bertan gutxieneko zerbitzuak mantenduko dituzte. Ikastetxe horretan, gainera, asteazkenero elkarretaratzeak egingo dituzte murrizketak salatzeko, 08:45etik txirrina jo arte. Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola BHIn ere greba egingo dute, eta eskolarik emango ez badute ere, ateak zabalik izango dira, eta telefono deiak jasoko dituzte. Getariako Iturzaeta eta Orioko Zaragueta herri eskoletan ere greba egingo dute irakasle guztiek. Zarauzko Lizardi institutuan ere lanuzteak izango dira, eta gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte. Zarauzko haurreskolan ere lanuzteak egingo dituzte. Zestoako Aizarna auzoko herri eskolan ere greba egiteko asmoa azaldu dute irakasleek, baina norbait bertan izango dela jakinarazi dute, gutxiengo zerbitzuak eskaintzeko. Zumaian, berriz, herri eskolako Haur Hezkuntzan eta Derrigorrezko Lehen Hezkuntzan greba egingo dute, eta gutxieneko zerbitzuak mantenduko dituzte. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, ordea, gaur dira lanuzteak zehaztekoak. Egunkari honek atzoko edizioa itxi aurretik ezin izan zuen jakin Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik, Zarauzko Orokieta Herri Eskolak eta Zestoako Herri Eskolak greba egingo duten. Bertan Azpeitiko Merkatarien Elkarteak, bere aldetik, «errespetua» eskatu dute saltokia irekiko nahiz itxiko dutenentzat, greba egitea edo ez egitea «norberaren eskubidea» delako. Ohi bezala, pikete informatiboak egingo dituzte goizaldean, eta gero manifestazioak izango dira. Zestoan eta Zumaian 09:00etan elkartuko dira plazan, eta Azpeitian, Getarian eta Zarautzen  09:30ean. 12:00etan, berriz, manifestazio nazionala izango da Donostian, eta arratsaldean ere mobilizazioek jarraituko dute; Azpeitian, Getarian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian egingo dituzte manifestazioak, 18:00etan. Interneten ere hainbat «aktibistak» tokian tokiko informazioa emango dute, greba.euskalherrian.info atarian eta Twitterreko @grebaorokorra kontuan. Urola Kostako Hitza-ko langileek gaur egingo dute lanuztea. Beraz, edizio digitalean ez da albisterik izango, eta bihar ez da egunkaria argitaratuko. Hala ere, ostegunean jarraipen berezia egingo dio grebari. Goizean goizetik grebak herri bakoitzean duen eragina jasoko du atari honetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide