Elkartasuna kilometroz kilometro

Aritz Mutiozabal 2012ko martxoaren 27a

Sasoian.info. Hilabete pasatu da Eskualdeko hiru lagunek –Aitor Irigoien getariarrak eta Maria Izeta eta Alaitz Aiertza zarauztarrek–  Sahara Marathon egistamoan parte hartu zutenetik. Bertako bizipenak eta oroitzapenak, ordea, oraindik fresko dituzte, eta ez dirudi horren erraz ahaztuko dituztenik. Hirukoteak argi zuen   desertuan korrika egiteko aitzakian sahararren errealitatea eta errefuxatu-guneak bertatik bertara ezagutu nahi zuela. «Batzu­ek kirol ikuspegitik hartzen dute bidaia, proba bera eta denborak kontuan hartuz. Guretzat hori baino gehiago zen; korrika egiteaz aparte, hango familiekin egon eta haien bizimodua ezagutu na­hi genuen».

Errefuxiatu-guneak Aljeriak utzitako basamortu zati bati batean daude. Guztira, bost kanpamendu dira: El Aaiun, Smara, 27 de febrero, Dagla eta Auserd.  Kanpamendu hauek sa­harar herriko probintzien izenak dituzte; hau da, beraien lurrak be­rreskuratu eta itzultzen direnean, ba­koitzak jakin dezan nondik datozen. Korrikalariek Smara kanpamenduan egin zuten bat;  Sahara Marathongo helmugan, ale­gia. Aste bateko egonaldia egin zuten bertan, otsailaren 25­etik martxoaren 2ra, fa­­milia sahararren haimatan. Euskal Herritik 25 lagun joan ziren, eta horien artean hirukotea; bidaia egin aurretik, gainera, ez ziren elkar ezagutzen.

Aiertzaren dantzako lagun baten bitartez izan zuten zarauztarrek egitasmoaren berri: «Harrezkero, interesatzen hasi ginen, baita gure hu­rrengo bidaia hara egin genezakeela pentsatzen ere». Irigoienek, berriz, duela urte batzuk Behobia-Donostia lasterketako helmugan jasotako es­kuorria topatu zuen, eta gogobeteta erronkari heldu zion: «kuriositatea nuen desertuan korrika egitea zer izango zen jakiteko».

Lau proba aukeran Lasterketak lau modalitate di­tu: maratoia (42 kilometro), maratoi erdia (21 kilometro), 10 kilometroko proba eta 5 kilometroa. Guztiak otsailaren 27an jokatu zituzten; proba bakoitzak abiapuntu eta ordutegi jakin bat zuen, nahiz eta toki berean helmugaratu. Zarauzko Emakume Korrikalarien taldeko kide dira Aiertza eta Izeta, eta 10 kilometrokoarekin animatu ziren. «Erronka polita izan zen distantzia hori desertuan egin ahal izatea», adierazi du Aiertzak: «Bero egiten zuen arren, gustura geratu ginen egindako saioarekin. Helburua bukatzea zen, eta halaxe egin genuen, ibilbide osoa korrika osatuz».

Irigoienek, berriz, maratoi erdia egin zuen. Bere hitzetan: «Lurra harritsua zen, eta hondarguneak eta dunak ere izan genituen. Beste planeta batean egotea bezala zen. Ingurura begiratuta, ez genuen erreferentziarik: hondarra, desertua eta zerua besterik ez zegoen. Land Rover autoek markaturiko bideak jarraitzen genituen, eta, tartean, makilak edo harrizko tontortxoak ikusten genituen gida moduan».

Parte-hartzaileen artean denetarik zegoela adierazi du Izetak: "Batzuk marka egitera joango ziren, baina 5 eta 10 kilometroko lasterketak izaera herrikoia zuten, ez baitzen oso lehiakorra. Maratoia eta erdia egitera joan zirenak prestatuago eta serioago joan zirela esango genuke". Bi multzo ezberdin antzematen zela dio Irigoienek: "Bata, Sahara ezagutzera joan zirenak, eta horrekin batera korrika egitera; bestea, korrika egitera noa, eta bitartean hura ezagutuko dut. Beraz, askok lasaitasun osoz hartu zuten korrikaldia, baina baziren gel energetikoak, sekulako erlojuak, denbora tarteak eta halakoak oso serio zeramatzatenak, baita bezperan elikadura zaintzen ibili zirenak ere. Azkenean, kontraste hori antzematen da, helburu ezberdin horiek".

Ezagutzera emateko Aurtengoa, Sahara Marathon antolatu duten hamabigarren aldia izan da, eta korrikaldia erabat eskuzabala den herrialde bati elkartasuna adierazteko kirol ekimena baino gehiago da. «Basamortuaren erdian daude, eta kanpoko laguntzari esker bizi dira», aditzera eman du Izetak: «Orduan, horrelako egitasmoek beraien egoera ezagutzera emateko edo zabaltzeko balio du».

Gainera, haientzako «errutina haustea» ere badela dio Irigoienek: «Azken egunean ez joateko esaten ziguten. Izan ere, futbol partidak, jokoak eta barreak egin genituen elkarrekin. Beraientzat oasi bat da, euren egunerokoa hausten duen aste bat».

Esperientzia ederra bezain ahaztezina bizitzeko aukera izan dute, zalantzarik gabe, eta errepikatzeko gogoz geratu direla aitortu dute. Irigoenek, esaterako, maratoia eginez, berriro ere hango biztanleekin egon nahiko luke da­torren urtean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide