Amets egingo al dugu? Bale!

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko martxoaren 27a

Lan egingo al dugu euskararen alde? Euskaraz bizi gara, gu, noski, prest gaude! Bizitza garesti da, ametsak debalde. Amets egingo al dugu? Bale, bale, bale! Hala dio, Euskal Eskola Publikoaren Jairako berariaz sortu duten Bale! abestiak. Xabier Euzkitzek egin ditu hitzak; Antxon Sarasuak musika. Ostiralean aurkeztu zuten kantua, Orokieta Herri Eskolan, festa giroan. Beste hainbat lagunek ere kolaboratu du abestia sortzeko: Bixente Martinez (gitarra eta mandolina), David Gorospe (bateria) eta Igor Gartzia (txistu txikia) musikariek. Ahotsa, berriz, Zarauzko eskola publikoko ikasle, irakasle eta gurasoek jarri diote abesti «alai bezain gogoraerrazari». Hori da abestiaren ezaugarri nagusia: jendeak gogoratu eta ozen abesteko modukoa da. Taldean aukeratu dute abestiaren goiburua. «Zarauzko armarrian bale bat agertzen da, baita Orokietarenean ere. Horrez gain, bale asko erabiltzen dugun hitza da. Eta hortik txispa sortu zitzaion norbaiti. Horri tiraka bururatu zitzaigun leloa, Bale! bizi garen seinale», azaldu du Euzkitzek. Orri zuri baten aurrean jarri, eta zituen heldulekuetatik abiatuta sortu du Euzkitzek abestiaren letra. «Gure hiru haurrek Orokietan ikasten dute. Ezagutzen dugu eskola hauen filosofia eta eredua, Euskal Eskola Publikoaren ametsaren partaide ere bagara…Oinarri horiekin nahiko erraza izan zen hitzak sortzea». Lehenbizi hitzak sortu zituen Euzkitzek, eta horietan oinarrituta egin zuen musika Sarasuak: «Hitzek eraman gaituzte doinua sortzera». [...]

Orokietako haurrak balearekin

Orokietako haurrak balearekin (Argazkia: Amaia Ventas)

Lan egingo al dugu euskararen alde? Euskaraz bizi gara, gu, noski, prest gaude! Bizitza garesti da, ametsak debalde. Amets egingo al dugu? Bale, bale, bale! Hala dio, Euskal Eskola Publikoaren Jairako berariaz sortu duten Bale! abestiak. Xabier Euzkitzek egin ditu hitzak; Antxon Sarasuak musika. Ostiralean aurkeztu zuten kantua, Orokieta Herri Eskolan, festa giroan.

Beste hainbat lagunek ere kolaboratu du abestia sortzeko: Bixente Martinez (gitarra eta mandolina), David Gorospe (bateria) eta Igor Gartzia (txistu txikia) musikariek. Ahotsa, berriz, Zarauzko eskola publikoko ikasle, irakasle eta gurasoek jarri diote abesti «alai bezain gogoraerrazari». Hori da abestiaren ezaugarri nagusia: jendeak gogoratu eta ozen abesteko modukoa da. Taldean aukeratu dute abestiaren goiburua. «Zarauzko armarrian bale bat agertzen da, baita Orokietarenean ere. Horrez gain, bale asko erabiltzen dugun hitza da. Eta hortik txispa sortu zitzaion norbaiti. Horri tiraka bururatu zitzaigun leloa, Bale! bizi garen seinale», azaldu du Euzkitzek.

Orri zuri baten aurrean jarri, eta zituen heldulekuetatik abiatuta sortu du Euzkitzek abestiaren letra. «Gure hiru haurrek Orokietan ikasten dute. Ezagutzen dugu eskola hauen filosofia eta eredua, Euskal Eskola Publikoaren ametsaren partaide ere bagara…Oinarri horiekin nahiko erraza izan zen hitzak sortzea».

Lehenbizi hitzak sortu zituen Euzkitzek, eta horietan oinarrituta egin zuen musika Sarasuak: «Hitzek eraman gaituzte doinua sortzera». Hasierako melodia hori «orraztu» egin behar izan zuten gerora, haurrentzat abesteko erraza izan zedin. Eskolan erakutsi zutenean, guztiei «asko gustatu» zitzaiela gogoratu du Orokietako irakasle eta guraso Itziar Iruretagoienak; abestiaren musika sortzen lagundu dio horrek musikari zarauztarrari.

Haurrek ongi erantzun dutela azaldu du Sarasuak: «Ongi portatu dira. Estudio batean sartzean oso serio jartzen dira haurrak, gogoa jarrita. Grabazioa ere oso erraza izan da». Iruretagoiena zein Sarasua «oso gustura» daude lortutako emaitzarekin.

Haurrak kantuan

Orokietako haur, irakasle eta gurasoak kantuan (Argazkia: Amaia Ventas)

Askotariko ekimenak
Ekainearen 21ean izango da Euskal Eskola Publikoaren festa handia, Bale! Bizi garen seinale lelopean. Josebe Azpiri Orokieta Herri Eskolako zuzendariak jakinarazi duenez, askotariko ekitaldiak izango dira egun horretan, Zarautzen. Besteak beste, kontzertuak, tailerrak, jolasak eta dantza emanaldiak egingo dituzte. Itsas pasealeku inguruan eta alde zaharrean izango dira jardunaldiak, nagusiki. Desertu Txikian kokatuko dute gazte gunea, Lizardi Institutuko ikasleen gunea, eta Munoan, berriz, LHko ikasleena.

—————————————————————

PSE-EEk Euskal Eskola Publikoaren festa babesteko eskatuko dio Zarauzko Udalari
Zarauzko PSE-EE alderdiak Euskal Eskola Publikoaren Jaiari babes osoa eskainiko dio, eta hala adieraziko du etziko Osoko Bilkuran, mozio bidez. Ekainaren 21ean ospatuko duten festa herrian. Halako festa aurten Zarautzen izatea Udalarentzat zein herritarrentzat «ohore handia» dela diote alderdi sozialistako kideek. Hori dela eta, gainontzeko alderdiei ere ekimena babesteko eskatuko die asteazkeneko plenoan. Ildo horretatik, Zarauzko Udalak dituen baliabide guztiak antolatzaileen esku jartzeko eskatuko du, eta 2012ko aurrekontuak prestatzerakoan horretarako diru partida jakin bat gordetzeko, «festa antolatzeak sor ditzakeen gastuak ordaintzen laguntze aldera».

Gloria Vazquez PSE-EEko zinegotziak jakinarazi duenez, ekimen horren helburua euskal heziketa sisteman eskola publikoaren «erreferentziazko papera» aldarrikatzea da, kalitatearen eta pluraltasunaren bidetik. Aipatu eskolen «garrantzia nabarmena» da Vazquezen arabera, eta hori Orokieta Herri Eskolak egun duen ikasle kopuruan islatzen da; izan ere, bost urtean ia %30 hazi da ikasleen kopurua . Egun 900 ikasletik gora daude Zarauzko eskola publikoan izena emanda.
«Heziketa gizartearen funtsezko oinarria da. Hori horrela, administrazioen lehentasuna da hori bultzatu eta babestea, herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintze aldera», nabarmendu du zinetotziak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide