Azpeitiko Baigera erretiratuen elkarteak urteko batzar nagusia egin zuen joan den ostegunean. Bertan, batzorde berria osatu zuten, eta urteko kontuen eta programaren berri eman zuen erretiratuen aisialdiaz arduratzen den taldeak. Baigerako areto nagusia jendez bete-bete egin zen. «Aretoko aulki denak bete, eta gehiago eraman behar izan genituen», diote Baigerakoek. Batzarraren bukaeran, karta joko txapelketako sariak ere banatu zituzten. Udal ordezkariek ere hartu zuten parte batzarrean, Eneko Etxeberria alkateaz gainera, Leire Etxaniz eta Kontxita Martija zinegotziak ere han izan ziren.
Hiru lagunek utzi dute zuzendaritza batzordea: Loreto Gonzalezek, Amparo Godoyk eta Maria Jesus Arregik. Haien lekuan, Jose Ignacio Etxeberria, Jose Maria Iturria eta Juanito Amenabar sartu dira, eta Baigerako lehendakariaren postua Pedro Mendozak hartu du. Hauek osatuko dute, beraz, Baigerako zuzendaritza: Pedro Mendozak, Jose Ignacio Etxeberriak, Maria Luisa Irulegik, Jose Maria Iturriak, Arantxa Aizpuruk, Mari Carmen Etxeberriak, Juanito Amenabarrek eta Ignacita Camposek.
Baigera erretiratuen elkarteak aisialdiaz arduratzen den batzordeaz gainera, gizarte arloa lantzen duen beste lagun taldetxo bat ere badu. «Lehen talde bakar batek eramaten zituen bi arloak, baina batik bat aisialdiko ekitaldiak antolatzen ziren batzordetik. Beraz, bi arloak bereiztea erabaki genuen», dio Maria Jesus Arregik. Lau urtean Baigerako batzordeko kidea izan da. Baigerako batzordea utzi, eta orain gizarte arloaz arduratzen da Arregi. «Gure eginkizuna arlo sozialeko gaiak landu, eta herrietan dauden beharren inguruan udalekin elkarlanean aritzea da». Garatzen taldea da arlo hori lantzen duena, eta Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Zumaiako eta Zarauzko ordezkariak ditu.
Gaur egun Baigera erretiratu elkarteak 1.825 bazkide ditu. Elkarteak urtean zehar irteeraz gainera hitzaldiak eta ikastaroak antolatzen ditu.
Sari banaketa
Elkarteko kontuen eta aurtengo asmoen berri eman orduko,
Baigeraren karta joko txapelketetako sariak banatu zituzten. Musean, Mauricio Gogorza eta Julian Lapeira izan dira txapeldunak, eta azpitxapeldunak Maria Luisa Irulegi eta Justo Letamendia. Puntoan, Inaxita Sudupe eta Bittori Bastida izan dira garaileak, eta bigarrenak Jesusa Ibarbia eta Lurdes Agirretxe. Eskoba jokoan, Mari Luz Perez eta Pili Fernandezek irabazi dute, eta Pilar Mugika eta Mari Carmen Landeta izan dira bigarrenak. Manuel Mendozak eta Angel de Arribak irabazi dute tutean, eta atzetik Antonio Vargas eta Diego Rajado gelditu dira.