Zumaiako Udalak «hondakinen %80 birziklatzea ahalbidetzen duen bilketa sistema» ezarriko du, «herriaren berezitasunetara moldatuta». Hala erabaki zuen ostegunean Zumaiako Udalbatzak martxoko plenoan, Bilduren eta Aralarren aldeko botoekin.
Udal gobernuak hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatu behar direla nabarmendu zuen, mozio bidez. Jakinarazi zuenez, egun hondakinen %35 soilik birziklatzen da Zumaian, eta ehuneko hori handitu beharra dago. «Gipuzkoako zenbait herritan atez ateko sistemaren bitartez %80 birziklatzea lortzen da. Datu horiek ikusita, birziklatze maila hori lortzea ahalbidetzen duen sistema ezarri behar dela uste dugu, gure herriko berezitasunetara moldatuz», adierazi zuen Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagak. Ildo horretatik, herritarrei informazioa helarazi behar zaiela esan zuen, eta sistema berriak ekarriko dituen aldaketak zumaiarrekin adostu behar direla.
Haren arabera, atez ateko sistemaren ezarpena ez da bilketarekin hasten, «askoz lehenago» baizik. «Informazioa eman eta sentsibilizazioa abiatzeaz gain, parte hartze prozesuen bidez herritarrekin diseinatzen ari dira sistema horren nondik norakoak, auzoz auzo». Hori guztia zehaztu ostean jartzen da gaikako bilketa martxan. «Eta honela egingo dugu gure herrian ere», nabarmendu zuen alkateak.
Horretarako hitzaldi informatibo bat eta hainbat bilera antolatu ditu udal gobernuak. Udalak herritarrei dei egin die hondakinen kudeaketaren inguruko bilera horietan zein hitzaldian parte har dezaten. Horrez gain, proposamenak egiteko herritarrek udaletxeko ateak irekita dituztela gogoratu du. Horretarako,
bertara jo, 943-86 5025 telefonora deitu edo
kexak-iradokizunak@
zumaiakoudala.net helbidera idatz daiteke. «Arazoaren iturburua gu geu gara, eta guk geuk izan behar dugu konponbidearen parte», uste du udal gobernuak. «Ingurunea eta osasuna ditugu jokoan, eta birzikla daitekeena baino gutxiago birziklatzen jarraitzea ez da zilegi; ez da aukera bat».
Motibazioa
EAJk zein PSE-EEk udal gobernuak aurkeztutako mozioaren aurka bozkatu zuten. Atez ateko sistema «atzerapausoa» dela nabarmendu zuen EAJko Ana Arranzek. «Zaborraren turismoa bultzatzen du». Horrekin batera, sistema «neurrigabea» dela
esan zuen, «herritarrei eskatzen zaion «sakrifizioarekin» alderatuta, eta baita «askoz garestiagoa» ere.
Horren aurrean, bosgarren edukiontziaren erabilera sustatu behar dela dio EAJk, «murriztu, berrerabili eta birziklatzearen filosofian oinarritutako sentsibilizazio kanpaina bultzatu ostean». Hala, egungo bilketa sistema aldatu aurretik, «herri kontsultan amaitu beharko lukeen parte hartze prozesua» abiatu dezan eskatu zion udal gobernuari, eta kontsulta horren emaitzak bere egin ditzan. «Birziklatzearen aldeko apustua garbia da, baina jendea kontzientziatu eta hezi egin behar da, motibatu; birziklatze tasa handitzea ez da inposizio bidez lortuko».
PSE-EEko zinegotzi Emiliano Cabañasek ere zaborraren arazoa kontzientziazioarekin lotu zuen. «Arazoa ez da hondakinen bilketa sistema, kontzientziazioa falta baizik». Hausnarketa bultzatu behar dela nabarmendu zuen: «Egun sekulako arazoa dugu hondakinekin, baina, batez ere, zuek gobernura iritsi zaretenetik. Orain arazo hori konpondu nahi duzue, kosta ahala kosta». Ildo horretatik, udal gobernuak «sistema autoritario eta poliziala» ezarri nahi duela salatu zuen Cabañasek.
Egitaraua
-Parte-hartzea
-Hitzaldi informatiboa. Apirilak 3, asteartea. Hondakinen kudeaketaren inguruko hitzaldia.
-Herritarrekin bilerak:
-Apirilak 11, asteazkena: Bilera herrigunekoekin.
-Apirilak 18, asteazkena: Bilera poligonoan bizi direnekin.
-Apirilak 25, asteazkena: Bilera gaztelaniaz.
-Maiatzak 2, asteazkena: Bilera Narruondo eta Oikakoekin (lekua aurrerago zehaztuko dute).
- Maiatzak 9, asteazkena: Bilera landa eremuan bizi direnekin.
- Maiatzak16, asteazkena: Bilera ostalari eta merkatariekin.
Hitzaldia eta bilera guztiak (Oikia eta Narruondokoa izan ezik) 19:00etan hasiko dira, Alondegian. Bilera guztiak euskaraz izango dira, apirilaren 25ekoa izan ezik.