Jainkoa balitz bezala, Txiki Agirre Keixeta artista arroarrak mundua sortu du. Gaztaz ekoitzitako mundu bat, zehatzago esateko. Jon Maiak zuzendutako Gazta zati bat dokumentalaren haritik dator proiektua. Gazta metaforatzat hartuta, euskaldunek munduan duten tokia aldarrikatzea du helburu ikus-entzunezkoak, eta Keixeta-ren lanak hori islatu nahi du; hau da, «gaztarekin mundua irudikatzea».
Eskultura dokumentalaren ikurra izango da, gainera. Halaxe aurkeztu zuten Ordiziako D’elikatuz elikadura zentroan joan den ostiralean, eta aurrerantzean ere bertan izango da ikusgai, «iraungintzen den arte».
Mundua sortu behar zuenez, nazioarteko 50 gazta mota baino gehiago erabili ditu artistak horretarako. Hala ere, «ez dut derrigor zonalde bakoitza bertan ekoiztutako gaztarekin osatu. Gazta motaren erabilera estetikoa izan da, une bakoitzean behar nuen kolorearen araberakoa». Euskal Herria, adibidez, kolore berdexka duen mota batekin irudikatu du, «gainerako herrialdeetatik pixka bat nabarmentzeko». Gazta guztiak mahai gainean izan ditu ekoizpen prozesuan, margolariak paleta erabiltzen duen modu berean. «Kontinenteak gazten azalarekin egin ditut, ehundura eta kolore aldetik aberatsagoak direlako. Gaztaren mami horixkarekin edo laranjarekin, berriz, ozeanoak».
Komentua estudio
Otsailean ekoitzi zuen eskultura berezia. Nolanahi ere, hasierako ideia eta zirriborroak lehenagotik datoz: «Joan den irailean gonbidatu ninduen Maiak proiektura. Urrian, bi proba egin nituen, formato txikiagoan, eta balekoa, azkenik, joan den hilabetean». Zumaiako komentuko zati batean arte-estudioa egokitu zuten, eta lan prozesu guztia bertan egin zuen. Era berean, ekoizpena filmatu egin zuten, dokumentalean txertatzeko. «Ez nago ohituta horretara. Normalean, estudioan bakarrik aritzen naiz, kamerak gainean izan gabe», aitortu du.
Esperientzia berritzailea izan dela dio Keixetak, eta orain arte horrelakorik inoiz egin ez denez, erronka interesgarria bihurtu duela: «Beste inork halako tamainako eta formatuko eskulturarik ez du egin sekula gaztarekin. Nondik heldu behar nion izan da arazoa. Ez zegoen aurrekaririk, ezta nola egin zitekeen azaltzen zuen dokumentaziorik ere. Asmatu egin behar izan dut, eta horrek beti ematen dizu beldurra».
Eskultura galanta egin du, esferaren diametroak 60 zentimetro baititu. Gazta zatiak jartzeko molde bat sortu zuen, eta hura gaztaz estali; materiala urtu eta forma eman zion. Egindako irudia bere horretan mantentzeko, berriz, barnekaldea igeltsuz bete zuen. Beraz, kanpotik ikusten dena baino ez da gazta.
Askorentzat gozamena izango zen bere tokian egotea, baina Keixetarentzat guztiz kontrakoa izan da: «Ez zait batere gustatzen gazta. Baina, nire egunerokoan ere badira gustuko ez dudan hainbat material. Disolbatzaile usaina gorroto dut, esaterako. Lanean ari nintzela etortzen ziren guztiek gazta jaten zuten, baina ni ez naiz gaztazalea. Aitzitik, kontrakoa naizela esango nuke».
Eskultura bizia
Gazta materia organikoa da, oso bizia, eta «horrekin lan egiterakoan errespetatu egin behar da nola gorpuzten den». Aurretik janariarekin eginiko eskultura bat badu Keixetak, ogiarekin ekoitzia, eta, orduan ere, egindako artelanari «iraunkortasuna ematea» izan zen arazoa. «Janariak organikoak direnez, denborarekin aldatu egiten dira. Orduan, gaztazko munduarekin bolumena mantendu nahi izan dut, baina aldaketa aberasgarria iruditzen zait. Lizuntzen joango da, geruza zuriz estaltzen. Nolabait esateko, errealitatean ere hori gertatzen da: lainoak sartzen direnean mundua bera ere zuritu egiten da. Eskultura bizia denez, egunero-egunero aldatuko da, erabat lizunduz, eta bilakaera benetan interesgarria izango du».