Zarauzko PSE-EE alderdiak Euskal Eskola Publikoaren Jaiari babes osoa eskainiko dio, eta hala adieraziko du asteazkeneko Osoko Bilkuran, mozio bidez. Ekainaren 21ean ospatuko duten festa herrian. Halako festa aurten Zarautzen izatea Udalarentzat zein herritarrentzat «ohore handia» dela diote alderdi sozialistako kideek. Hori dela eta, gainontzeko alderdiei ere ekimena babesteko eskatuko die asteazkeneko plenoan. Ildo horretatik, Zarauzko Udalak dituen baliabide guztiak antolatzaileen esku jartzeko eskatuko du, eta 2012ko aurrekontuak prestatzerakoan horretarako diru partida jakin bat gordetzeko, «festa antolatzeak sor ditzakeen gastuak ordaintzen laguntze aldera».
Gloria Vazquez PSE-EEko zinegotziak jakinarazi duenez, ekimen horren helburua euskal heziketa sisteman eskola publikoaren «erreferentziazko papera» aldarrikatzea da, kalitatearen eta pluraltasunaren bidetik. Aipatu eskolen «garrantzia nabarmena» da Vazquezen arabera, eta hori Orokieta Herri Eskolak egun duen ikasle kopuruan islatzen da; izan ere, bost urtean ia %30 hazi da ikasleen kopurua . Egun 900 ikasletik gora daude Zarauzko eskola publikoan izena emanda.
«Heziketa gizartearen funtsezko oinarria da. Hori horrela, administrazioen lehentasuna da hori bultzatu eta babestea, herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintze aldera», nabarmendu du zinetotziak.