Gaurko (astelehena, martxoak 26) bi udalbatzar deitu ditu Leire Etxeberria (Bildu) Zestoako alkateak. Aurreneko batzarra, ezohiko saioa, 20:00etan da. Osoko bilkura horretan 2012ko Udal Aurrekontu kontsolidatua onartzea proposatuko dute. Segidan, 20:15ean, hasiko dute ohiko saioa Zestoako Udaleko ordezkari politikoek. Bigarren bilkura horretan landuko dituzten gaien zerrenda honakoa da: 2011ko abenduaren 22an udalbatzarrak egindako saioaren akta onartzea; Ander Cestona Unanue behin-behineko izaeraz Idazkari-kontuhartzaile izendatuz alkatetzak emandako ebazpenaren berri ematea; Udaleko Idazkari-kontuhartzaile plaza hornitzeko hautaketa prozesua arautu behar duten Berariazko Oinarri-arauak finkatuz Alkatetzak emaniko ebazpenaren berri ematea; Jose Mari Alberdi Alberdi Udal arkitekto aholkulariari bere kontratua bi urtez luzatuz alkatetzak emaniko ebazpenaren berri ematea; Udalbiltza Partzuergoko Kontseilu Nagusirako udal ordezkariak izendatzeko proposamena; Bateragune auziaren aurrean Zestoako Bilduk aurkeztutako mozioa; Martxoaren 29ko grebari buruz Zestoako Bilduk aurkeztutako mozioa; Lapurtutako haurrei eta adopzio irregularrei buruz Zestoako EAJ Udal taldeak aurkeztutako mozioa; eta, galdera eta erreguak.