Getariako XI. Literatur Lehiaketako idazlanak apirilak 20ra bitartean aurkeztu daitezke

Getariako Hitza 2012ko martxoaren 26a

Getariako Udalak XI. Literatur Lehiaketako oinarriak kaleratu ditu; ohi bezala, lehiaketa bi modalitatetan banatuko dute; ipuin eta bertsotan, hain zuzen ere. Lanak banaka egin beharko dituzte, eta horiek nahi adina idazlan aurkezteko aukera izango dut...

Getariako Udalak XI. Literatur Lehiaketako oinarriak kaleratu ditu; ohi bezala, lehiaketa bi modalitatetan banatuko dute; ipuin eta bertsotan, hain zuzen ere. Lanak banaka egin beharko dituzte, eta horiek nahi adina idazlan aurkezteko aukera izango dute; ipuinak edo bertsoak Getariako Udal bulegoetan edo Udal liburutegian aurkeztuko dituzte, apirilaren 20ko 13:00ak bitartean.

Jorratuko duten gaia librea izango da, eta adinaren arabera, maila jakin batean lehiatuko dira parte-hartzaileak; lehenengo taldea Lehen Hezkuntzako 1. mailan dabiltzan haurrek osatuko dute, eta azken mailan hamasei urtetik gorakoak lehiatuko dira. Maila eta modalitate bakoitzaren arabera, neurri jakin bateko idazlanak sortuko dituzte.

Aurkeztutako idazlanak argitaratu gabeak eta beste literatur lehiaketetan saritu gabeak izan behar dute; ordenagailuz idatzi beharko dituzte testuak, baina LH 1. mailako eta LH2. mailako haurrek eskuz ere idazteko aukera izango dute. Aurkezterako orduan, kartazalaren kanpoaldean idazlanaren izenburua jarri beharko dute; barrualdean, berriz, idazlearen izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia jarri beharko dute.

Sariak maiatzaren 3an banatuko dituzte, 18:30ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide