Gaur 40 urte bete dira Cristobal Balentziaga hil zenetik, eta haren omenezko museoak lagunarteko hainbat saio eskaini dizkio jostunari; goizean, Balentziaga museoko zuzendaria den Javier Gonzalez de Duranak, bertako langileek eta Roberto Torreta diseintzaileak lore eskaintza egin diote Getariako hilerrian, eta Kirmen Uribe idazlearen Itzul ezazue poema irakurri diote Balentziagari.
Museoa aurrean, berriz, jostunaren argazkia eta liburu bat jarri dute, bertaratu diren bisitariek Balentziagaren inguruko eskaintzak idatz zitzaten. Liburuan, besteak beste, “goi mailako arkitektuaren obrak indarrean jarraitzen du” esaldia irakur daiteke; Torretak, berriz, honakoa idatzi du: “Benetako moda maisu bakarraren museoa halako egun berezi batean bisitatzea esperientzia bikaina izan da”. Liburua iluntzera bitartean egongo da museo aurrean, herritarren eta bisitarien esku.
Horrez gain, musikak ere tarte berezia izan du Balentziagaren heriotzaren urteurrenean; Musikeneko talde batek Ludwing van Beethovenen Serenade pieza taularatu du goizean.



