Igandean, martxoak 25, pilotako Talentudunen Txapelketarako hautaketa probak izango dira, Zestoan. Txapelketa honetan beraien mailan nabarmentzen diren bigarren urteko alebinek eta infantilek hartzen dute parte. Alebinek toke erdiko pilotarekin jokatzen dute, eta infantilek tokekoarekin. Aurtengo txapelketa apirilaren erdi-amaiera aldera hasiko da.
Dagoeneko pilota elkarteek aurrez izena emanda dute. Igandeko probetan ikusitakoaren arabera, aurkeztu diren pilotarien artean aukeratuko du eskuko batzordeak. Bi txanda izango dira igandeko hautaketa proban: 09:30etik 11:30era alebinak ariko dira, eta 11:30etik 13:30era infantilak. Guztiek takoak jarrita agertu beharko dute Zestoako frontoira.