Hondakinen %80a birziklatzea ahalbidetzen duen sistema ezarriko du Zumaiako Udalak, herriko berezitasunetara moldatuta

Urola Kostako Hitza 2012ko martxoaren 23a

Zumaiako Udalak %80eko birziklapen maila lortzea ahalbidetzen duen hondakinen bilketa sistema ezarriko du, herriaren berezitasunetara moldatuta. Hala erabaki zuen atzo Zumaiako Udalbatzak, Bilduren eta Aralarren aldeko botoekin. EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten. Udal Gobernuak hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatu behar direla nabarmendu zuen, mozio bidez. Egun hondakinen %35a soilik birziklatzen da Zumaian, eta tasa hori handitu beharra dagoela adierazi zuen Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagak: "Gipuzkoako zenbait herritan atez ateko sistemaren bitartez %80a birziklatzea lortzen da. Datu horiek ikusita, birziklapen maila horiek lotzea ahalbidetzen duen sistema ezarri behar dela uste dugu, gure herriko berezitasunetara moldatuz". Ildo horretatik, herritarrei informazioa helarazi behar zaiela esan zuen. Horrekin batera, sistema berriak ekarriko dituen aldaketak zumaiarrekin adostu behar direla jakinarazi zuen. Horretarako hitzaldi informatibo bat eta hainbat bilera antolatu ditu: Hitzaldi informatiboa: Apirilak 3: Hondakinen kudeaketaren inguruko hitzaldia Hitzaldi informatiboa: Apirilak 4: Hondakinen kudeaketaren inguruko hitzaldia Herritarrekin bilerak: Apirilak 11: bilera herrigunekoekin Aprilak 18: Bilera poligonoan bizi direnekin Apirilak25: Bilera gazteleraz Maiatzak 2: Bilera Narruondo eta Oikakoekin (lekua zehaztuko da aurrerago) Maiatzak 9: Bilera landa eremuan bizi direnekin Maiatzak16: Bilera ostalari eta merkatariekin Hitzaldia eta bilera guztiak (Oikia eta Narruondokoa izan ezik) 19:00etan hasiko dira, Alondegian. Bilera guztiak euskaraz izango dira, apirilaren 25ekoa izan ezik. Hori gazteleraz egingo dute. Udalak herritarrei dei egin die hondakinen kudeaketaren inguruan gehiago jakiteko bilera horietan zein hitzaldian parte har dezaten. Horrez gain, edozein zalantza edo proposamen jasotzeko udaletxeko ateak irekita daudela jakinarazi dute. Horretarako, bertatik pasatu, 943- 86 5025 telefonora deitu edo kexak-iradokizunak@zumaiakoudala.net helbidera idatzi daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide